Abian da ikasturte berria! Ongi etorri!
Merezitako atsedena hartu ostean, berriz elkartzeko unea heldu da. Urtero legez, bide berri bat daukagu aurretik, erronkaz eta aukeraz betetakoa, nahiz eta hasierako egun hauetan oraindik lurrartzeko ahaleginetan gabiltzan. Batzuontzat lanera buelta, besteentzat ikasketei heltzeko garaia, eta edozein kasutan, ikaskide eta lagun askorekin elkartzeko eta konpartitzeko abagune ederra. Urduri, pozik eta jakinminez beteta iritsiko dira ohiko ikasleak, eta zer esanik ez, lehen aldiz eskolaratzen diren haurrak eta beraien familiak. Denbora apur batekin txiki berriak ingurune berrira ohitzen joango dira ikastolako hezitzaile eta familien babesarekin. Gogoratu zuen alboan gaudela eta familiarizazio prozesu guztian bidelagun gaituzuela, joan den astean gure blogean kontatzen genizuen moduan.
Gure eskola-komunitatea eraberritzen doa urtetik urtera, baina gure heleburuak bere horretan jarraitzen du: gure ikasleen garapen integralarekin konprometituta gaude eta ikastolan beren potentzial guztia zabal dezaten egiten dugu lan, eta bide horretan aurrera egiten jarraitu nahi dugu. Hori Ikastolaren eta familien arteko elkarlanari esker baino ez da posible, eta horrek egunetik egunera aberastu egiten du proiektua.
Ikasturte berria, egitasmo berriak
Ikasturte berri honetan proiektu eta helburu berriak ditugu jomuga, bide desberdinetatik helarazten joango gara. EKINTZA Ikastolan badakigu ikasleen trebetasunak landu eta talentua identifikatzea funtsezkoa dela, eta badakigu gainera Batxilergoan garrantzi berezia hartzen duela. Etengabe lantzen dugu hori, eta, horretarako, 3 tutore ditugu, ikasleen eta haien familien jarraipen estuagoa ahalbidetzen dutena.
Ikasturte berri honetan beste urrats berri bat eman nahi izan dugu, eta Batxilergoko 1. mailan Zeno Quantum-en MeOrienta programa txertatu dugu, ikastolako orientazio-zerbitzua sendotzen duen tresna, berrikuntzarekin eta etengabeko hobekuntzarekin dugun konpromisoari erantzunez. MeOrienta programak aukera emango digu, besteak beste, gure ikasleek ikasle gisa duten profila zehazteko eta hobeto egokituko litzaizkiekeen profil profesionalak ezagutzeko.
Horrez gain, laster ezagutuko duzue Family Expert egitasmoa. Familien, ikasleen eta ikasle ohien arteko topagune bilakatzeko jaio da. Helburua da familiek eta ikasleek esperientziak eta ezagutzak transmititzea ikasleei, beren gaitasunak hobetuz eta mundu-ikuspegia aberastuz. Hori guztia gure hezkuntza-komunitatearen loturak indartzen ditugun bitartean.
Bestalde, gure irudia eraberritu nahi izan dugu, hortaz, besteen artean, webgune berria martxan jarriko dugu aurki.
Horren guztiaren berri emango dizuegu unean-unean gure komunikaziorako ohiko bideetatik.
Eta gogoan izan, edozer zalantza edo argibide behar izanez gero, ikastolako langileak zuengandik gertu gaituzuela.
Hasiera samurra izango dugulakoan, ongi etorriak, beraz, 2024/2025 ikasturtera!
Iruzkin berriak