Aintzane Inza: “Aniztasun funtzionalak erakutsi digu helburu batera iristeko, ikasle bakoitzak bere prozesua eta bidea garatzen duela”

Aintzane Inza HH eta LH mailetako psikologo-aholkularia da. Elkarrizketa egin diogu, gelako jardunean aniztasunaren trataerak duen garrantziari buruz gehiago jakiteko.

Zein da zehazki zure funtzioa EKINTZA ikastolan?

Ni psikologoa naiz, Haur Hezkuntzako 2 urteko gelatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arte. Hau da, 2 eta 12 urte bitarteko haurren eta haien familien aholkularia naiz.

Zein harreman duzu ikasleekin eta familiekin.

Familia batek EKINTZA ikastolan matrikula egiten duenean, haiekin biltzen naiz, familiak kontatu diezadan beren seme-alabaren lehen urteak nolakoak izan diren. Familiak ematen didan informazioarekin, haur horren sistema ezagutzen hasten naiz. Momentu horretatik aurrera, haur horren eta familiaren bidelagun izateko. Elkar ezagutzen dugun unea da, familia-eskola arteko binkulazioa sortu eta elkarrekiko errespetuzko harreman bat sortzen hasten gara. Umeak dituen bizipen eta ibilbide pedagogiko eta pertsonalaren ezaugarriak ezagutu nahi ditugu.

Zer da ikaslearen ibilbide pedagogikoa eta pertsonala? Zer esan nahi duzu horrekin?

Ikastolako esparru ezberdinek adierazten dituzten ezaugarriak ezagutzen noala pixkanaka, bai tutoreekin egunero-egunero bilerak egiten ditudalako, ikasleekin geletan behaketa egiten egoten naizelako… Horrek ahalbidetzen dit gela bakoitzeko “argazki” bat izatea, eta ondorioz, badakit nola dauden ikasleak. Aldi berean, ikasleen premiak zein diren ikusten saiatzen naiz nire lankideekin batera; haur bakoitzak behar dituen beharrak antzematen. Ondoren, ahalik eta lagungarrien, aberatsen eta eraginkorren izateko, ikasle bakoitzari bere garapen kognitiboan lagundu ahal izateko proposamen desberdinak aholkatzen ditut.

Zein dira hurrengo pausoak?

Lehenengo elkarrizketaren ondoren definitu dugun sistema osatzen joaten gara, eta aztertzen dugu ikaslea nola doan alor ezberdinetan: hizkuntza arloa, logika-matematika, alderdi pertsonala, soziala, ezaugarri kognitiboen esparru desberdinen ezaugarriak… Tutoreekin batera ikasle bakoitzaren arlo desberdinetako “definizioa” egiten joaten naiz. Eta momentu jakin batean alderdiren bat baldin badago kezka sortzen duena, edo fokoa jarri nahi duguna, zuzenean ikasle horren inguruko informazioa jasotzen hasten naiz.

Haur hezkuntzan, informazio hori jasotzen dut geletan sartzen naizelako eta behaketa eginez. Horren bidez haurrek dituzten jolas mota, hizkuntza maila, harremantzeko baliabideak eta abar ikusi ditzaket, gerora tutoreekin hitz egin eta ikusi dudana landu ahal izateko.

Premia bereziren bat detektatzen dugunean, premiaren arabera, lan egiteko modu anitzak ditugu. Alde batetik tutoreei zuzenean orientabideak emanez, beste kasu batzuetan familiak tutorearekin eta nirekin batera elkartzen dira edota familiarekin bakarka haurrak behar duenaren inguruan hitz egiten dut.

Lehen Hezkuntzan beste motatako balorazio tresnak erabiltzen ditut, froga estandarizatuak, elkarrizketa pertsonalak eta abar. Zenbat eta informazio gehiago izan orduan eta aberatsagoa izango da pertsona horren inguruan eman dezakegun orientabidea lagundu ahal izateko.

Haur bakoitzaren jarraipen zehatza egiten duzue orduan?

Ikasle guztiak ezberdinak dira, eta beharrak oso pertsonalizatuak izaten dira. Beraz, guretzat oso garrantzitsua da familia jasoa sentitzea, hor gaudela senti dezala, landu beharreko gaia kontestualizatu, hari muturrari heldu eta hori lantzeko bidelagunak gara. Horretarako, familiei aholkuak ematen dizkiegu, baina batez ere, informazio asko, beraiek ere erremintak izan ditzaten. Eta beste profesional batzuen premia beharrezkoa ikusten dugunean ere deribazio eta koordinazio lanak egiten ditugu.

Haurraren adinaren arabera jarraipen hori ere aldatuz joango da, ezta?

Bai, 2, 5 edo 8 urteko umeen garapen psiko-emozional eta kognitiboa ezberdina da, garunak duen prozesatzeko , bizitzeko eta sentitzeko modua oso desberdina baita. Adin bakoitzak bere ezaugarri eta berezitasunak ditu, horixe da garapena eta garapen prozesuaren berezitasuna.

Lehen Hezkuntzako zikloan, derrigorrezko hezkuntza denez, Hezkuntza Curriculumak zehazten dituen helburuak landu behar ditugu. Helburu horien lehentasuna trebetasun kognitiboen eraikuntza eta prozedurazko ikaskuntzak dira. Nerabezaroan, berriz, trebetasun kognitiboak, baina maila garatuago batean, eta kontzeptuzko ikaskuntzek dute garrantzia. Ondorioz nire lana ikasleen adinaren garapenaren momentura egokitzen da. Beti ere alderdi emozionalak eta sozialak duen garrantzia kontuan izanda.

Horregatik, LH-n beste mota bateko behaketak egiten hasten naiz. Kontutan izan behar dugu ziklo honetako oinarrizko trebetasunak irakurketa-idazketa (ulermena eta espresio maila) prozesua eta logika-matematika direla. Beraz, bi alderdi hauek dira LHn zehar landu, garatu eta menperatu behar direnak oinarrizko gaitasun gisa. Arlo horietan edozein zailtasun antzemanez gero, lan egiteko proposamenak egiten ditugu. Irakasleek gelako dinamikan ariketa eta ekintza anitzak proposatuz, eskaintza zabalagoa eta pertsonalizatuago izan dezaten. Horrez gain orain arteko bere garapena nolakoa izan den aztertuko dugu, eta non egon daitezkeen zailtasun horiek, baldin badaude.

Ikastola ikaslearen bidelagun da prozesu guztian.

Hori da. EKINTZAn ditugun baliabideak zein gizarteak eskaintzen dizkigunak gure ikasleen eskura jartzen ditugu eta ibilbide guztian zehar ikastola bidelagun da. Ikastolako zein kanpoko profesionalekin uneoro bilerak izaten ditugu, garapen horren berri izateko, eta denok bat egiten dugu.

Ikastola zutabe oso garrantzitsua da ikasleentzat, ikastola delako beraien sozializazio gune garrantzitsuena. Ikastola da sozializazio, estimulazio pedagogiko eta garapen kognitiboa ematen den esparrua. Horregatik izan behar dugu beraien bidelagun, bai ikaslearena eta bai familiarena.

Zenbaterainoko eragina du, esaterako, curriculumak?

Azken urteetan, hezkuntza alorrean aldaketa asko jasotzen ari gara. Bai curriculum aldetik, bai exigentzia mailari dagokionean. Azken urteetan ikusi da hezkuntzak eskaintzen eta eskatzen zuena ez datorrela bat gizarteak eskatu edo behar duenarekin. Orain arte “batez besteko ikasle batentzat” egiten zen lan, eta gaur egun gero eta kontzienteago gara aniztasun funtzionala dela gelako eta gizarteko errealitatea.

Haur bakoitzak jaiotzez, genetikoki ezaugarri batzuk ditu, eta hezkuntza-giroak, familiakoak zein eskolakoak, eragin handia du haur horren gaitasunen eta pertsonaren garapenean. Horregatik, gure lana gero eta gehiago egokitzen ari da ikasleek duten aniztasun funtzionalera, eskaintza zabalagoa izaten metodologia desberdinen erabilpena bultzatuz.

Zer da aniztasun funtzionala?

Denok modu ezberdin batean funtzionatzen dugu. Hau da, gure buruak edozein erronka edo betebehar modu ezberdinetan prozesatzen du. Nire funtzionatzeko modua besteekiko ezberdina izan daiteke, baina aldi berean, denak oso aberatsak dira, denok ditugulako indarguneak eta ahuleziak.

Aniztasun funtzionalak erakutsi digu helburu konkretu batera iristeko ikasle bakoitzak bere prozesua garatzen duela. Beraz, edukiak ere ezin dira batez besteko ikasle figuratibo bati bideratuta egon. Funtzionatzeko modu ezberdinak ditugu denok, edukiak, emozioak, jarrerak… barneratzeko eta garatzeko modu anitzak, eta inola ere ez dira batzuk beste batzuk baino hobeak.

Horregatik, gu ez gaude ikasleak epaitzeko, haien bidelagun izateko baizik. Haur bakoitzari lagundu behar diogu bere bidea egiten, bere prozesua garatzen. Eta hori da gure helburua: aniztasun funtzional hori indartzea, ahulezietan eta indar-guneetan laguntzea oinarrizko gaitasunak modu anitzetan trebatzen direla bermatuz.