Cumbre Viejako sumendia, EKINTZAtik ikusita

Inguruan ez ezik, munduan gertatzen denak ere ardura sortzen die EKINTZAko ikasleei. Hala gertatu da La Palmako sumendiarekin, eta dituzten kezkei erantzuteko lanketa berezia egin dute.

Izugarrizko interesa adierazi dute ikasleek, une oro telebistan eta Interneten ikusten dituzten irudiek erakarrita. Maddi Mitxelenak sumendiari buruzko aipamenak biltzen zituen gutun batekin hartu zuen indarra proiektuak ikastolan, bost urteko ikasleen geletan.

Kezkei erantzunak ematen

“Zer da sumendi bat?” galderari erantzunez hasi ziren proiektua garatzen. Haurren erantzunak eta sumendiari buruzko definizioak bildu eta sumendi bat egin eta erupzioa sortzeko esperimentua jarri zuten martxan.

Sumendiaz gain, sumendi baten inguruan egon daitezkeen bestelako eremuak, guneak, eta natur baliabideak ere aztertu eta landu dituzte proiektua garatzerakoan.

Etxean hainbat material bildu eta ikastolako materialari gehituta, sumendien maketak egin dituzte, hainbat material birziklagarri erabilita. Maketak prestatutakoan, laba sumenditik irteten ere irudikatu dute, fisikako eta kimikako hainbat esperimentu baliatuz.

Emaitza bikainak lortu dituzte, eta zituzten kezkei erantzuna eman diete. Donostiatik mundura salto egiteko prest daude EKINTZA-ko ikasleak!

Ikusi, adibide gisa, Dordoken gelan egin duten sumendia.