EKINTZA Musika Eskola: musika-sentsibilitatea haurtzaroan pizteak dakartzan onurak

Musika ikasi eta praktikatzeak askotariko onurak eskaintzen dizkigu. Edozein adinetarako positiboa bada ere, musikarako sentsibilitatea haurtzaroan pizteak berebiziko garrantzia dauka neska mutilen garapenean. Horren jakitun, eta guraso batzuen proposamenari helduta, 1988. urtean EKINTZA Musika Eskola jarri zen martxan ikastolan. Orduko hartan, ikasgai ofizial gisa ikastolan emandako prestakuntza zabaldu nahi zuten ikasleei zuzendutako jarduera paraedukatiboa aurkeztuz.

Elena Arandia Musika Eskolako arduradunaren eskutik eman ziren lehen urratsak, lehen-lenehik solfeoko klaseak nahiz piano eskolak ematen. Denboraren poderioz irakaslegoa handitzen joan da eta aukera zabaltzen ere. Egun, lau musika tresna desberdin lantzeko aukera eskaintzen du musika eskolak, hala nola, pianoa, biolina, zeharkako txirula eta gitarra, eta horrez gain, abesbatzan eta orkestran jarduteko beta ere.

“Ikasturte honetan, 10 irakaslek eta 204 ikaslek osatu dugu gure musika familia. Ez da makala ikastola txiki bat izateko!!”, komentatu digu Elenak berak.

 

Bada…zer eskaintzen digu EKINTZA Musika Eskolak?

Musikako hastapenak Haur Hezkuntzan ematen ditugu. 4. mailatik Lehen Hezkuntzako 1. maila bitartean Musika Tailerrekin hasten dira haurrak. Hau da, musikaren mundura hurbiltzeko lehen pausuak dira, jokuen eta estimulazio eta sentsibilizazio ekintzen bitartez, gerora begira Musika-Hizkuntza (solfeo deritzona) eta musika, orokorrean hobeto ulertu eta ezagutzeko.

LH2tik LH6ra Musika-Hizkuntzarekin harremantzen hasten dira haurrak. Ikaslea musika alfabetazioan trebatzea da honen helburua, partitura bat irakurri, aztertu, ulertu eta interpretatzeko gai izan dadin, alegia. Musika-tresna aukeratzeko unea 2. mailan hasten da eta bere irakaskuntza hiru ziklotan banatzen dugu:

 

  • Lehenengo zikloa:

LH 2.tik 6. mailara bitarteko ikastaroak sartzen dira hemen, eta Musika-Hizkuntzako ikastaroekin osatzen da.

Ikaslea musika-tresnarekin harremanetan jarriko da, oinarri sendoa eraikitzen doan heinean, metodo atsegin eta progresibo baten bidez ikaskuntza finkatzeko.

 

  • Bigarren zikloa:

DBH 1. mailatik 4. mailara bitarteko ikastaroak sartzen dira.

Garai honetan finkatzen da musika-tresnaren teknika eta horri esker hainbat musika-estilo ezagutzeko aukera izaten dute. Ikasleen musika garapenean modu atseginagoan laguntze aldera, Elena Arandiak aipatu digunez, irakasleek partiturak egokitzeko lan handia egiten dute.

 

  • Hirugarren zikloa:

Batxillergoko bi ikasturteak osatutako zikloa da.

Ordura arte ikasitako guztia aplikatzen da, maila handiko musika-estilo desberdinetako piezen errepertorio biribila egiteko.

Eskolaren profila batez ere praktikoa da, edozein adinetako zaleei zuzendua, eta Elena Arandiak azpimarratu bezala, “irakaskuntza pertsonalizatua eskaintzen dugu, programak ikasle bakoitzera egokituz, guztiek unibertso musikal ederrean modu aktiboan sartzeko aukera izan dezaten”.

Hori horrela, nabarmentzekoa da ikasturte honetan 204 ikasle aritu direla jo eta su Musika Eskolan. Hauetatik 98k musika tresna bat jotzen du, 25 abesbatzan jarduten da eta 10 orkestran.

Badakizu zertan lagun dezakeen musika txikitatik praktikatzeak?

Lehen aipatu bezala, musikarako sentsibilitatea haurtzaroan pizteak berebiziko garrantzia dauka neska mutilen garapenean. Elena Arandiak esaten digun moduan, asko dira arrazoiak, eta batzuk azpimarratzearren, honatx ondorengoak:

 

1.Psikomotrizitatearen garapena: Instrumentu bakoitzak bere teknika berezia dauka soinua sortzeko. Soinu horri “itxura” eman behar zaio eta nota jakin batzuk jo behar dira, guzti hori partitura irakurtzen den bitartean. Ez al da hau psikomotrizitateko ariketa zoragarria?

2.Pentsamendu logikoa: Musikaren oinarrizko kontzeptuak barneratzen diren lehen urteetan bereziki, matematikak eta logika erritmoa ulertzeko eta interpretatzeko oso garrantzitsuak dira. Hortaz, musika ikasteak arrazoiketa logiko-matematikoa garatzen du eta mapa mentalak egituratzen ditu.

3.Sentsibilitate artistikoa: Musika, guztiaren gainetik, arte bat da eta sormena garatzeko eta sentimenduak kanporatzeko instrumentua jotzea bide ezin hobea da.

4.Hausnarketа еtа autoentzutearen gaitasuna: Musika-tresna jotzerakoan ikasleak bere burua entzun behar du eta akatsak zuzendu. Denborarekin ohitura bihurtzen den jarduera honek gure jokabidea aztertzen eta honi buruz hausnartzen asko lagunduko digu.

5.Enpatia eta soziabilitatea: Musikako edozein jardueratan besteak entzutea ezinbestekoa da, beraz, taldeko lana, besteen lanarekiko errespetua eta enpatia asko lantzen da.

6.Balioetan hezi: Edozein instrumenturen ikasketak etengabeko lana, ahalegina eta pazientzia eskatzen du. Ziztu bizian doan gizarte honetan, musikaren bitartez berehalakotasunetik urrundu eta etengabeko lanak emaitza hobeak dituela ikasten dute haurrek musika lantzearen bidez.

7.Autoestimua: Eguneroko aurrerapenak oso pozgarriak izaten dira ikasleentzat eta instrumentua bereganatzen duten neurrian beraien motibazioa handitzen doa eta denborarekin ahalegin guztiek merezi izan dutela konturatzen dira.

 

Beraz, hain onuragarria den jarduera honetan parte hartzea haurren heziketarako oso aberasgarria dela bistakoa da. EKINTZA Ikastolan argi dugu hau, eta gertutasuna eta arreta pertsonalizatuari jarraituz, gure haurrei erabateko heziketa musikala hurbildu nahi diegu.