2025/05/02
Urtero legez, Eskola Jazarpenaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur. Egutegian data bat besterik ez izatetik urrun, ingurune seguru, errespetuzko eta osasungarri bat eraikitzea guztion zeregina dela gogorarazteko aukera bat da: ikasleena, irakasleena eta familiena. EKINTZA Ikastolan egunez egun lan egiten dugu bizikidetza errealitate partekatua izan dadin, eta bide horretan funtsezko tresnetako bat KiVa programa da, eskola-jazarpenaren prebentzioan oinarritua.
Errealitate hori gure hezkuntza-komunitatean nola lantzen den hurbilagotik ezagutzeko, Asun Urkola ikastolako Bizikidetza arduradunarekin hitz egin dugu. Elkarrizketa honetan prebentzioaren balioaz hitz egiten digu, adi egon behar dugun seinaleez eta jazarpenaren aurkako borrokan ikasleek zein familiek jokatzen duten paperaz.
Zer da eskola-jazarpena eta nola agertzen da normalean ikastetxe batean?
Eskola-jazarpena eskolan gertatzen den ikaskide arteko egoera da ikasgeletan eta eskola osoan, asmo txarrez eta pertsona bera jomuga duena behin eta berriro, hainbatetan botere desorekan oinarrituta. Ikasle berak, bere tutore-irakaslek, lagunek edota familiak ohartzen gaitu norbait jazarria izaten ari dela portaera desegokiak gertatzen ari direlako: isekak fisikoarekiko-izaerarekiko-azal kolorearekiko-arazo akademikoekiko, bultzadak etabar.
EKINTZA Ikastolako Bizikidetza arduraduna zarenez, zer balio transmititu nahi diezue ikasleei bizikidetzaren inguruan eta nola egiten duzue?
Bizikidetza planaren helburua elkarbizitza hobetzeko ekimenak sustatu eta garatzea da. Hezkuntza komunitatea osatzen dugun kide guztion arteko harremanak modu egokian bideratzea lortu nahi du, denon partaidetza sustatuz. Gainera, sor daitezkeen gatazkak hezkuntza irizpideekin eta modu baketsuan konpontzeko bideak ezarri nahi ditu bitartekaritzaren bitartez. Eta errespetuan oinarritutako beharrezkoak diren arauak eta hezkuntza komunitateko kide guztion eskubide eta bete beharrak ezagutzera emateko ekimen prebentiboei lehentasuna eman nahi dio, tresna desberdinak erabiliz. Beraz, ezarpenean eta jarraipenean hezkuntza komunitateko kide guztiak inplikatu behar dira.
Zer garrantzi du prebentzioak eskola-jazarpenaz ari garenean, esku-hartzearen aurrean?
Prebentzioa funtsezkoa da, gure eskola ingurune segurua izan dadin horretan aritzen gara komunitate osoa.
EKINTZA Ikastolan KiVa programarekin lan egiten duzue jazarpena prebenitzeko. Zertan datza eta zerk egiten du desberdin?
KiVa-k funts teoriko sendoa du. Bere programak ideia bat du oinarrian: ez erasotzaile ez biktima ez diren inguruko pertsonak, jazarpenaren lekuko direnean duten erreakzionatzeko modua erabakigarria da jazarpenak iraun dezan edo desager dadin. Beraz, ezinbestekoa da ingurunean eragitea.
Nola integratzen da KIVA ikastolako ikasleen eta irakasleen egunerokoan?
Programa honek material praktikoa eta moldaerraza du. Posterrak ditugu eskolako gune desberdinetan, esaterako. Talde osoan du eragina, eta ikasle bakoitzak ongizate orokorra babesteko duen ardura nabarmentzen da. Eta jazarpenaren lekuko diren ikasleei tresnak ematen zaizkie biktima babesteko eta jazarpena ez dutela ontzat hartzen erakusteko. Helburua jazarpena gelditzea baita.
Zer alerta-seinale hartu behar ditugu kontuan heldu gisa jazarpen-kasu posibleak detektatzeko?
Ikaslea goibel ikusten badugu, bakarrik, eskolara joan nahi izan gabe, eta bere ohiko izaeratik urrun… kezkatu egin behar dugu, berarekin hitz egin, galdetu zer pasatzen ari den eta “nik lagunduko dizut” esan.
Zer eginkizun dute familiek eskola-jazarpenaren prebentzioan? Nola lagundu dezakete etxetik?
LH1eko guraso bileran aurkezten dugu KiVa programa lehenengo aldiz ikastolan eta maila guztietan aipatzen da ikastetxean eskola-jazarpeneko egoera dagoenean nola egiten diogun aurre KiVa taldearen bitartez hura gelditu arte, eta ondoren ere bai. Ikasleei esaten zaien bezala, familiari ere berdina esaten diogu: kontatu zer gertatzen ari den eta elkarrekin egingo diogu aurre.
Zer mezu helarazi nahiko zenioke EKINTZAko komunitate osoari Eskola Jazarpenaren aurkako Nazioarteko Egun honetan?
Eskola jazarpenari aurre egitea zaila da, baina ez ezinezkoa. Gure ikasleek eskola-ingurune segurua merezi dute eta errespetuzkoak eta osasungarriak diren harremanak. Programa bat izateak ez du aldaketa ekarriko, baina hura praktikan jartzen dutenek ekarriko dute aldaketa. Komunitate osoaren ardura da eskola-jazarpenari aurre egitea, ez dezagun ez ikusiarena egin eta beste aldera begiratu!