Nola marraztu daiteke haizearen mugimendua?

2025/05/08

Haurtzaroan, mundua ezagutzeko eta ikasteko tresnarik indartsuenetako bat artea da. Marrazten, margotzen, moldatzen edo musika sortzen duten bitartean, haurrek ez dute bakarrik sormena garatzen; beren zentzumenak, emozioak eta adimenak ere aberasten dituzte. Zentzumen esperientzien bidez, haurrek mundua hauteman, interpretatu eta ulertzen ikasten dute, euren erritmoan eta era naturalean.

Nola marraztu daiteke haizearen mugimendua?

Zentzumenak, beraz, sormenaren ate bilakatzen dira. Ikusmena, ukimena, entzumena, usaimena eta dastamena lehenbiziko ikaskuntza-bideak dira haurtzaroan. Artelanak sortzean, haurrek esperimentatzen dute koloreen bizitasuna ikusten dutenean, buztinaren testura ukitzen dutenean edo margotzeko pintzelaren soinua entzuten dutenean. Zentzumen hauen aktibazioa ezinbestekoa da garapen kognitibo eta emozional osasuntsurako.

Adibide xume bat: Pentsa dezagun haur batek eskuekin margotzen duela, pintzelik gabe, zuzenean pintura koloretsuan sartuz eta paperean hatzekin irudiak marraztuz. Eskuetan sentitzen duen hotz leuna, koloreen nahasketaren ikuskizuna eta mugimenduaren erritmoa batera lantzen ditu. Prozesu horretan ez du bakarrik artelan bat sortzen: ukimena, ikusmena eta koordinazio motriz fina aktiboki garatzen ditu.

Reggio Emilia hezkuntza-filosofiak garatutako atelier kontzeptuak argi erakusten du artearen bidez ikastearen garrantzia. Atelierrak ez dira bakarrik tailerrak edo artelanak egiteko gelak; haurrek beren ingurunea esploratzeko eta beren pentsamenduak adierazteko espazio bizidunak dira. Ikastolan ondo baino hobeto dakigu hori. EKINTZA Ikastolan ez ditugu Atelierrak, baina bai txoko pila, material ugari eta anitzekin aberastuak, besteen artean, zinta itsaskorra, egur zatiak, argizariak, paperezko zatiak, hariak, margoak, tenperak, pintzelak edota kartoiak.

Hori bai, irakasleak ez du erabakitzen ikasleek zer egin behar duten. Haiek beren kabuz esploratzen hasten dira: haur batek egur zati batekin pirata ontzi bat eraikitzen du, beste batek hari gorri luze bat erabiltzen du 'hodei baten kolorea' adierazteko. Zentzumenen bidezko esplorazio askearen bidez, haurrak istorioak sortzen, materialak aztertzen eta arazoak konpontzen ari dira.

Artearen bidez pentsamendua aberasten ari dira, finean. Izan ere, artelanak egiteko prozesuan haurrek logika, antolaketa, plangintza eta irudimena uztartzen dituzte. Zentzumenek informazioa jasotzen dute eta haurraren barruan irudikapen propioak eraikitzen hasten dira. Horrek ahalbidetzen du haur bakoitzak munduari buruz duen ikuskera propioa adieraztea eta aberastea.

Demagun, margotzen ari diren bitartean, haur batzuek galdera hauek egiten dituztela:

– “Nola nahas daitezke urdina eta horia kolore berria sortzeko?”

– “Nola marraztu daiteke haizearen mugimendua?”

Galdera horiek adierazten dute haurrek ez dutela bakarrik kopiatzen edo erreproduzitzen ikasten, baizik eta prozesu kognitibo eta filosofiko sakonak abiatzen dituztela artea baliatuz.

Artearen bidez haurrek beren izaera osoa garatzen dute: zentzumenak, emozioak, pentsamendua eta harremanak. Haurrak ingurune aberats eta zabal batean uzten ditugunean, non materialak, esperientziak eta askatasuna eskura dituzten, beren ahotsa eta sormena modu naturalean sortzen dira.

Beraz, artea ez da gehigarri bat haur hezkuntzan; artea da haurraren garapen osoa ahalbidetzen duen bide biziduna, zentzumenak pizten dituena eta adimena hegan jartzen duena.