DBH 4ko ikasleek ‘Don´t be dummy’ istripuak prebenitzeko ekimena ezagutu dute

EKINTZA Ikastolako DBH 4ko ikasleak Antzoki Zaharrean izan ziren atzo. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak sortutako Don´t be dummy zuk ez duzu ordezkorik proiektua ezagutzeko aukera aparta izan zuten.

Trafiko istripuak saihesteko asmoz ondutako ekimen ibiltaria da Don´t be dummy eta Udaltzain, suhiltzaile eta trafiko-istripu bateko biktimen testigantzak entzuteko aukera eskaintzen du. Helburua gazteak bide-segurtasunean, gidatze arduratsuan eta zirkulazioko istripuen prebentzioan sentsibilizatzea da.

Dummy pertsonaia da programaren ardatza. Ibilgailu-fabrikatzaileek Dummy Crash izeneko panpinak erabiltzen dituzte inpaktuak simulatzeko eta modelo berrien segurtasuna egiaztatzeko. Gizakien antzekoa izanik sarritan ordezkatu ohi gaitu. Dummy, hainbat egoera eta emozio esperimentatu ondoren, ondorio honetara iristen da: “Zuk ez duzu ordezkorik”. Amaiera dramatikoak eragozten dituen ezinbesteko faktorea da prebentzioa.

Benetan interesgarria izan zen ekitaldia eta gazteak adi-adi aritu ziren bertan esandako aholkuak entzuten.