“Helburu nagusia ikasle bakoitzak bere neurriko ikasketa esperientzia eta garapen egokiena izatea da”

Mertxe Urkiola, EKINTZA ikastolako zuzendari pedagogikoari elkarrizketa, ikastolan egin den hezkuntza proiektuen berrantolaketaren inguruan.

EKINTZAk beti erakutsi du metodologia berriekiko konpromisoa.

Bai, adi gaude gure egitekoa hobetzeko eta eguneratzeko lagungarriak izan daitezkeen baliabideak ezagutzeko eta ezartzeko. Xedean bertan jasotzen den eginkizuna da, beti ere, kontrastatutako edota ongi oinarritutako teoria edo ikuspegitik datozenak; gure eskola proiektuaren oinarriekin ondo ezkontzen direnak, alegia.

Lehen Hezkuntzako proiektua berritu duzue…

Definizio zehatza duela urte bete osatu eta ezarri bagenuen ere, urte batzuk generamatzan aurrera pausoak egiten berrikuntza zehatzekin hainbat lan esparrutan: lan estrategia anitzetan, ebaluazioaren ikuspegian… Oraingo honetan eguneroko lan egitura, espazioak eta antolaketa orokorra berregituratu ditugu, eta horrek bai ekarri duela eraldaketa nabarmena eta ikusgarria ikaslearen eguneroko jardunera.

Zein da EKINTZA Ikastolaren helburua proiektu pedagogiko honekin?

Helburu nagusia ikasle bakoitzak bere neurriko ikasketa esperientzia eta garapen egokiena izatea da, bai eremu pertsonalean zein akademikoan. Horretarako, berrikuntzaren garapenerako hiru premia nagusi identifikatu ditugu: ikuspegi konpetentzialean sakontzea, ikasleen aniztasuna abiapuntuan jartzea eta ikuspegi interdisziplinarra indartzea. Plan berria hiru ardatz hauei emandako erantzuna da.

Zer esan nahi duzue “ikasleen aniztasuna abiapuntuan” jartzearekin?

Haur guztiak desberdinak diren horretan ikasteko modu desberdinak dituzte, ezagutzak ulertzeko eta barneratzeko, emozioak eta jarrerak kudeatzeko… baina askotan jasotzen dituzten ikasketarako proposamenak bakarrak dira, modu bakarrean aurkeztuak, berez existitzen ez den ikasle “estandar” bati zuzendutakoak; eta ondoren irakasleok egokitzen ditugu proposamenak “premien” arabera. Ikuspegi hori gainditzeko bidean gaude, alde batetik egoera horren kontzientzia hartuz eta bestetik edozein ikas prozesuaren hasieran, bitartean eta amaieran ikasle profil desberdinentzat proposamen dibertsifikatuak aurreikusten. Labur esanda: ikasle anitzak, proposamen anitzak.

Zertan datza aipatzen duzun berrantolaketa?

Espazioak, denborak, pertsonak eta arloen kudeaketa berregituratu ditugu. Ikasgela-saioa-irakasle egitura apurtu dugu hainbat arloen kudeaketan. Euskara eta Matematika lantzeko egituraren ardatzak hauek dira: ikasmailako ikasle taldea aldi berean, espazio handian, denbora bikoitzeko saioetan eta hiru irakasleen gidaritzapean lantzen dira.

Egitura mota honi BATERA deitu diogu. Goizeko lehen tartea BATZARRA egiteko erabiltzen dugu, eta ongi etorria emateaz gain ohiturak eta ikaslearen ongizate emozionala lantzen dira. Arratsaldean berriz, ITXIERA-rako beste tarte bat gordetzen dugu, ikasitakoaren eta bizitakoaren inguruan gogoeta eginez, ikaslearen kontzientzia lantzen da ikasketen inguruan zein alderdi sozial eta emozionalean. PROIEKTUA beste lan esparru esanguratsua da; Giza eta Natur Zientzien arloko gaien inguruan ikuspegi globala eta diziplinartekotasuna lantzeko aukera zabala ematen du. Ikasleek trebetasun anitzak lantzen dituzte, betiere elkarlaneko antolaketa batean. Dibertsifikazio honekin ikaslearen lan eta bizipen esperientzia asko aberastu dugulakoan gaude. Ikasleak oso pozik ikusten ditugu.

Hezkuntzak Lege berria aurkeztu berri du. Nola baloratzen duzu?

Gu hau guztia pentsatu eta martxan jarri bitartean Hezkuntzaren proposamena ere gauzatzen joan da. Ikusten dugu gure proiektua ondo ezkontzen dela haien proposamenekin, beraz, gure ikuspegia baieztatzeaz gain aurten ezarri izana guretzat legeak agindutakoari aurreratzea izan dela esan dezakegu.

Etorkizunera begira bizi gara uneoro. EKINTZAn aldaketa gehiago emango diren aurreratu dezakezu?

Oro har eskolaren eraldaketa martxan dago eta gurean ere bai. EKINTZAn, etapaz etapa goaz, duela urte pare bat Haur Hezkuntzaren proiektua indartu genuen (ezarpena pandemiak asko baldintzatu badu ere!); iaz Lehen Hezkuntzan zentratu ginen eta aurten DBHko etapan gabiltza, lan eredua berrikusten eta dagoeneko mahai gainean dugun lege berriari erantzuteko gogoeta eta diseinu lanetan.