“Plan Estrategikoaren garapenerako prozesuak ikastolaren helburu eta erronkez kontzienteago izaten lagundu digu”

EKINTZA Ikastolaren etengabeko hobekuntzaren konpromisoari leial, urte hasieratik hona 2024-2028 Plan Estrategikoaren garapenerako prozesuaren lanketa burutu da ikastolan. Hilabete hauetan zehar hainbat saioren bitartez helburu argiak finkatu eta ikastolaren erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren ekintzen hausnarketa egin da. Lanketa horren emaitza gisa landu eta ezarri beharreko helburuak finkatu dira dagoeneko, datozen urteotako ibilbide-orri bilakatuko direnak, ikastolaren etorkizunerako norabidea gidatuko dutenak.

Uxue Arrazola, EKINTZA Ikastolako zuzendariaren eskutik ezagutu ditugu prozesuaren nondik-norakoak eta planaren gako nagusiak.

Zer beharrei erantzuten die Plan Estrategiko berri hau lantzeak?

Lau urtean behin egiten dugu Plan Estrategikoa, gure etengabeko hobekuntzaren barruan dagoen prozesuetako bat da. Gure ustez, oso garrantzitsua da epe horretan denbora bat hartzea pentsatzeko zein momentutan gauden eta zein diren etorkizuneko gaiak eta erronkak. Azken plana 2018-2022rako egin genuen, beraz plan berri hau bereziki luzatu zaigu, eta arrazoi argiengatik izan da. Aldaketa mordoa bizi izan dugu urte horietan. Besteak beste, zuzendaritza eta zuzendaria aldatu genituen eta pandemia bat izan dugu, horregatik iaz erabaki genuen plan berriari aurten heltzea, hausnarketa estrategikoari denbora eskaintzea, eta hori da aurten egitearen arrazoia.

 

Nola garatu da prozesua? Nortzuk hartu dute parte?

Lehen aldiz kanpoko persona baten laguntzarekin egin dugu eta prozesua garatzeko modua hainbat bileren bitartez izan da. Kide desberdinek hartu dugu parte, batetik zuzendaritza taldeak, bestetik etengabeko hobekuntza taldeak, eta memoria historikora ere jo dugu, izan ere, erretiroa hartutako langile zenbaitek ere parte hartu baitu. Ekainaren 28an izan genuen saiorik handiena, ikastolako langile guztien parte hartzearekin.

 

Zer balorazio egiten duzu prozesuaz?

Oso positiboa izan da, atera diren helburu eta erronkak gure momentuarekin zeharo bat datozela uste dugu. Prozesuak berak eta elkarlanak gu hortan kontzientzeago egiten lagundu digu.

 

Zeintzuk dira 2024-2028 Plan Estrategikoak jasotzen dituen helburu estrategiko nagusiak?

Lau helburu nagusi finkatu ditugu: Gure hezkuntza proiektua egiteko modu eta antolaketa egokitua eta eguneratua lortzea, lantaldearen kohesioa indartzea, gure nortasun eta izateko modua zaintzea eta gure proiektuaren bideragarritasuna bermatzea.

 

Zer landuko da helburu horiek betetzeko?

Esan bezala, lehen helburu nagusia gure hezkuntza proiektua egiteko modu eta antolaketa egokitua eta eguneratua lortzea litzateke, eta hori bermatzeko, eskaintza integrala ahalbidetu, metodologia berritzaileak erabili eta gertuko arretari eta aniztasunari erantzuna emanez jardungo dugu.

Lantaldearen kohesioa indartzeko, lantalde profesional berritzaile eta ilusioduna sustatu nahi dugu eta horretarako proiektuaren ikuspegi orokor eta integrala izateko kide izatearen sentimendua lantzea ezinbestekoa da.

Gure nortasun eta izaera zaintzeari dagokionez, gure izateko moduari eta berezko balioei lehentasuna ematen gauzatuko da. Eta, halaber, euskaran eta euskal kulturan oinarrituz, gertutasuna oinarri izanda eta komunitate baten parte izanik.

Eta azkenik, gure proiektuaren bideragarritasuna bermatze aldera, kudeaketa eraginkorrarekin jarraituko dugu, komunikazio bide berriak suspertuz, eta gure posizionamendua sendotuz.

 

Noiz da aurreikusia ezarpenarekin hastea?

Plan Estrategikoaren lanketarekin urtarrilean hasi ginen eta helburuak martxo-apirila aldean finkatu genituen. Lehen aipatu bezala, prozesuaren lanketak ikastolaren norabidea argiago ikusten lagundu digu, beraz, helburu horiek zehaztu bezain pronto une horretatik bertatik hartu ditugun erabaki guztiak helburu konkretu hauek aintzat hartuta egin dugu.

 

Zer berrikuntza edo aldaketa esanguratsu sartuko dira ikastolan Plan Estrategiko berri honekin?

Esaterako, uda partean egin ditugun formazioak, ekimenak eta ikasturte berriari begira planteatzen ditugun berrikuntzak helburu hauekin lerrokatuta doaz erabat. Lantalde kohesioa sustatzeko landutako ekimenak, hezkuntza proiektua eta lege berriaren ezagutza, euskal kulturaren sustapenarekin lotutakoak, baita komunikazioaren bide berriak ezartzera eraman gaituztenak ere, ikastolaren irudi eta webgune berriaren lanketarekin, adibidez.

 

Zein da Plan Estrategikoaren garapenaren azken helburua?

EKINTZA Ikastolan hezkuntza proiektu sustraitu eta gaurkotu bat finkatzeko urratsak ematen jarraitzen dugu. Gaituak eta erreferente diren pertsonak hezi nahi ditugu, etorkizuneko erronkei erantzun eta gizarte hobe bati ekarpen nabarmena egin diezaioten. Beraz, hausnarketa honek gure ikasleei ahalik eta hezkuntza-esperientziarik onena eskaintzea ahalbidetuko digu, erreferentziazko ikastola izaten jarraitzeko azken xedearekin.