2026-2027 ikasturtea EKINTZA Ikastolan: ikasgeletara itzultzeko gida

2026/08/26

Uda amaitzear dago eta laster ikastolan elkartuko gara berriro ikasturte berri bati ekiteko. Zer moduz prestaketak? Dakizuenez, udan zehar familiekin partekatu dugu 2026-2027 Ikasturteko Gida, ikastolarako itzulera antolatzeko informazio praktikoa eskainiko dizuen gida, alegia. Orain, iraila gero eta hurbilago dagoenez, zenbait alderdi gogoratu nahi ditugu ikasturte berriaren hasierari begira.

2026-2027 ikasturtea EKINTZA Ikastolan: ikasgeletara itzultzeko gida

2026-2027 ikasturtea irailaren 7an hasiko da. Urtero bezala, txikienek egokitzapen-aldi berezi bat izango dute ikastolara pixkanaka eta lasai irits daitezen.

Horrela, Haur Hezkuntzako 3 urteko ikasleek irailaren 3an eta 4an izango dituzte egokitzapen-egunak, ikasturtearen hasiera orokorra baino lehen. 2 urteko ikasleen kasuan, egokitzeko aldia ia bi astez luzatuko da, irailaren 7tik 18ra.

Horrela, haur bakoitzak aldaketa garrantzitsu horri aurre egin ahal izango dio beharrezko denbora eta laguntzarekin, familien eta ikastolaren arteko hurbiltasuna berriro funtsezkoa den prozesu batean.


Etapa bakoitzerako ordutegiak
Ohikoa denez, ordutegiek ikasleen hezkuntza-etapetako beharrei erantzungo diete.
2 urteko Haur Hezkuntzan, sarrera malgua izango da 7: 30etik 9: 30era, eta 16:30ean izango da irteera ordua. 3 eta 5 urte bitarteko Haur Hezkuntzan, sarrera malgua izango da 9: 00etatik 9:30era; irteera 16:15ean izango da eta ikasleak 16:30ak arte jasotzeko aukera izango da.
Lehen Hezkuntzan, ordutegia 9: 00etatik 16:30era izango da, bazkaltzeko dagokion atsedenarekin.

DBHko 1. eta 2. mailei dagokienez, ordutegia astelehenetik ostegunera izango da, 9: 00etatik 16:30era; ostiraletan, berriz, jardunaldia 13:30ean amaituko da, eta jantoki-zerbitzua erabiltzeko aukera egongo da. DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek, berriz, 8: 00etan hasi eta 15:30ean amaituko dituzte eskolak.

Batxilergoan, ordutegia 8: 00etatik 15:30era izango da astelehen eta asteazkenetan; astearte eta ostegunetan 16:30era arte, Batxilergoko 2. mailan izan ezik, ostegunetan 15:30ean amaituko baita. Ostiraletan, DBH 2 eta Batxilergoa 13:30ean amaituko dira, eta ordu horretatik aurrera jantoki-zerbitzua emateko aukera egongo da.

Zaintza eta jantoki zerbitzuak
Jantokia lehenengo egunetik jarriko da martxan, ikasturte bakoitzari egokitutako txandekin, baita Zaintza zerbitzua ere, familiek bizitza pertsonalaren eta lan-bizitzaren arteko oreka ona aurkitu ahal izan dezazuen. Goizez, 7: 30etatik 9: 00etara, eta arratsaldez, 16:30etatik 18:00etara, ikasle gazteenek espazio segurua eta artatua izango dute. Zerbitzu hau Haur Hezkuntzako 3 urtetik Lehen Hezkuntzako 4. mailara arte eskainiko da.

Gogorarazi nahi dizuegu, halaber, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera ikasleek inolako kosturik gabe erabili ahal izango dutela ikastolako liburutegia: astelehenetik ostegunera, 16:30etik 18:00etara, eta ostiraletan, 14:00etatik 15:30era.


Eskola-garraioa
Eskola-garraioari dagokionez, hala eskatu duzuen familiek ikasturtea hasi aurretik jasoko duzue ordutegi zehatza. Gainera, ikastolaren webgunean kontsultatu ahal izango duzue. Aipatu dugun bezala, erreferentziazko ordutegi orokorrak mantendu egiten dira:


• Sarrera 8: 00etan DBHko 3. eta 4. mailetarako eta Batxilergorako.
• Sarrera 9: 00etan Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHko 1. eta 2. mailetan.
• Irteera orokorra 16:30ean.
• Eskolaz kanpoko jarduerekin, 18:00ak arte.

 

Alexia plataforma
Ikasturtean zehar, familien, ikasleen eta irakasleen arteko komunikazio- eta kudeaketa-bide nagusietako bat izaten jarraituko du Alexiak.

Plataforma horren bidez, familiek aukera dute, besteak beste, tutoreekin hitzorduak hitzartzeko, bertaratze-faltak justifikatzeko, informazio-buletinak jasotzeko eta eskolaz kanpoko jardueren eta beste zerbitzu batzuen inskripzioak egiteko. Ikasleek beren liburu digitalak eta irakasleek prestatutako baliabideak ere eskura ditzakete.

Familiaren batek Alexiaren erabilera-gida behar badu, idazkaritzan eskatu ahal izango du, ikasturtearen hasieratik ikastola@ekintza.eus helbidera idatziz.

Eskolaz kanpoko jarduerak eta musika eskola
Ikasturte berriak eskolaz kanpoko jardueren proposamen zabala ere ekarriko du, adin ezberdinentzako kirol, arte, musika eta hizkuntza aukerekin.

Irailaren 21ean hasiko da programa eta, besteak beste, futbola, hockeya, saskibaloia, judoa, padel-a, dantza, gimnasia erritmikoa, robotika, ingelesa edo zirkua izango dira. Musika-jarduerak leku nabarmena izaten jarraituko du eskolaz kanpoko jardueren eskaintzaren barruan. Musika Eskolak irailaren 28an irekiko ditu ateak, hainbat instrumentu eta jarduera eskainiz, hala nola, pianoa, gitarra, biolina, biola, txirula, orkestra eta abesbatza.

Bide batez, gogorarazten dizuegu eskolaz kanpoko jarduerekin eta beste zerbitzu batzuekin lotutako izen-emateak eta kudeaketak Alexiaren bidez egin ahal izango direla.

Ikasturte berria, begirada bera
EKINTZA Ikastolan, gure hezkuntza-proiektua gidatzen duen begirada berarekin sartu  nahi dugu 2026-2027 ikasturtean, hots, ikasle bakoitzari hezkuntza integrala eta pertsonalizatua eskainiz, bere gaitasunak garatzen eta bere talentuak deskubritzen lagunduz. Eta, hori gauzatzeko, ikastolaren eta familien arteko lankidetza da funtsezko zutabeetako bat.

EKINTZAko kide zareten familiei, eskerrik asko aurten ere zuen konfiantza eta laguntzagatik. Eta ikasturte honetan lehen aldiz parte hartzen duzuenoi, ongi etorri! Zuek ezagutzeko eta etapa berri honetan zuekin egoteko irrikan gaude.
 

Laster arte!