2026/11/27
Ziur familia askok denbora daramazuela datorren ikasturtean zuen seme-alaba non eskolatu pentsatzen eta aukerak aztertzen. Matrikulazioa otsailean izango da, eta, oraingoz, ikastetxeak bertatik bertara ezagutzeko garaia da. Bisiten eta Ate Irekien jardunaldien unea iritsi da. Badakigu galdera asko izango dituzuela zuen seme-alabaren eskola-egunerokoa nolakoa izango den jakiteko. Lantaldea ezagutzea eta espazioak bisitatzea aukera ona da galdera horiek egiteko eta familia gisa gehien axola zaizuenaz hitz egiteko. Zenbait ideia aurreratu nahi dizkizuegu, bisita prestatzen eta argitu nahiko zenituzketen beste galdera batzuk pentsatzen lagungarri izango zaizkizuelakoan.
Eta gu ezagutzea erabaki baduzue, bihar ikusiko dugu elkar EKINTZA Ikastolako Ate Irekien jardunaldian, edota bisita pertsonalitzatua egiteko zuek aukeratutako datan. Edonola ere, gure espazioetan barrena lagunduko dizuegu, eta Donostiako gure ikastolan nola bizi eta ikasten dugun azaldu ere. Gustura entzungo dizuegu eta zuen zalantza guztiez hitz egingo dugu topaketan zehar. Bien bitartean, honatx hainbat kontu:
Nolakoak izango dira lehen egunak?
Haurra lehen aldiz eskolatzen dugunean, ohikoa da eguneroko xehetasunetan pentsatzea. Nork lasaituko duen agurtzean negar egiten badu, behar duenean atseden hartzeko aukera izango ote duen edo zer gertatuko den oraindik pixoihala erabiltzen badu. Galdetu lasai.
Bi urteko gelan arreta bereziz zaintzen dugu familiarizazio-aldia. Haur bakoitzak bere denbora behar du hezitzaileak ezagutzeko, espazioekin ohitzeko eta gustura sentitzeko. Lotura hori eguneroko uneetan eraikitzen da, harrera egitean, otorduetan ondoan egotean edo gertutasuna behar dutenean erantzutean.
Gela bisitatzean, une horiek nola bizi ditugun kontatuko dizuegu. Zuen seme-alaba zerk lasaitzen duen, zer interesatzen zaion edo egoera berri baten aurrean nola erantzun ohi duen ere jakin nahiko dugu.
Zer gertatzen da gelan jolasten eta ikasten ari diren bitartean?
Goiz bat nola igarotzen den kontatzeko eska diezagukezue. Haur Hezkuntzan, adibidez, jolas librerako espazioak nola antolatzen ditugun eta hezitzaileen eginkizuna zein den erakutsiko dizuegu.
Txokoek esploratzera eta autonomiaz aritzera gonbidatzen dituzte haurrak. Hezitzaileek giroa prestatzen dute, behatu egiten dute eta haurrei bidelagun zaizkie, bakoitzaren ekimenei lekua emanez. Behaketa horrek haurrak ezagutzen eta esperientzia berriak proposatzen nola laguntzen digun azalduko dizuegu.
Beste etapa batzuk interesatzen bazaizkizue, proiektuak, banakako lana eta lankidetzan oinarritutako ikaskuntza nola uztartzen ditugun azal dezakegu, baita gure proposamena Batxilergora arte nola aldatzen doan ere.
Nola erantzuten diezue ikasleen behar desberdinei?
Agian jakin nahiko duzue zer gertatzen den norbaiti jarduera bat zaila egiten zaionean edo erronka handiagoa behar duenean. Edo laguntza espezifikoa behar duenari nola laguntzen diogun. Gai garrantzitsuak dira, eta bisitan ere izango dute beren lekua.
Bi lerroko ikastola gara, eta irakasleak, hezkuntza-laguntzako langileak eta orientazio-taldea ditugu ikasle bakoitzaren beharrei erantzuteko eta indarguneak aintzat hartzeko.
Lehen Hezkuntzan, adibidez, Batera proposamenaren bidez Euskara eta Matematika talde txikietan lantzen ditugu, mailako bi gelak elkartuta eta hiru irakasleren laguntzarekin. DBHn eta Batxilergoan, maila bakoitzak hiru tutore ditu, ikasleen jarraipen hurbila egiteko. Nola antolatzen garen eta familiekin nola lan egiten dugun kontatuko dizuegu.
Nola jakingo dugu nola dagoen eta nola doakion?
Batzuetan, etxera iristean esandako esaldi batek kezkatzen gaitu. “Gaur ez nuen parte hartu nahi” edo “hau zaila egiten ari zait”. Norekin hitz egin eta kezka nola partekatu jakiteak lasaitasuna ematen du.
Harremana nola mantentzen dugun eta zailtasun bati elkarrekin nola heltzen diogun galde diezagukezue. EKINTZAn etapa guztietan zaintzen dugu elkarrizketa hori. Haur Hezkuntzan, esaterako, behaketak eta ikaskuntzen dokumentazioak haur bakoitza deskubritzen ari dena familiekin partekatzen laguntzen digute.
Lehen topaketa honek elkar ezagutzen hasteko eta aurrerantzean laguntza edo argibide eske norengana jo dezakezuen jakiteko ere balioko digu.
Nola ikasten da elkarrekin bizitzen?
Harremanak nola zaintzen diren ezagutzeak zuen seme-alaba zein girotan haziko den irudikatzen lagunduko dizue. Ikasleei ahotsa nola ematen zaien eta besteei laguntzeko eta komunitateko kide sentitzeko zer aukera dituzten galde dezakezue.
EKINTZAn bizikidetza sustatzen dugu eta elkar zaintzearen alde egiten dugu. Horren adibide da Denok BAT, adin desberdinetako ikasleak elkartzen dituen proiektua, elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta elkar zaintzen ikasteko. Bisitan, topaketa horiek nola bizi ditugun ezagutu ahal izango duzue, baita eguneroko harremanetan errespetua nola lantzen dugun ere, gure funtsezko oinarrietako bat baita.
Zer aukera eskaintzen dituzte espazioek eta jarduerek?
Bisitan, espazioak nola erabiltzen diren eta ikasleek esploratzeko, kirola egiteko edo beren interesak garatzeko zer aukera dituzten galde dezakezue. Eskola-orduetatik kanpoko proposamenak ezagutzeak ere zuen seme-alabak zaletasun berriez nola gozatu ahal izango lukeen irudikatzen lagunduko dizue.
EKINTZAn, ikastolan barrena goazen bitartean, psikomotrizitate-gelan, laborategietan, liburutegian edo kirol-instalazioetan zer egiten dugun kontatuko dizuegu. Gure ingurune naturalaz ere hitz egingo dizuegu: basoaren ondoan eta Ondarretako hondartzatik gertu gaude, eta ingurune hori esploratzeko eta ikasteko nola aprobetxatzen dugun azalduko dizuegu.
Eskola-orduetatik kanpo, eskolaz kanpoko jardueren eskaintza zabala dugu, hockeya, judoa edo padela bezalako kirolak barne.
Eta zuen seme-alabari abestea gustatzen bazaio edo instrumenturen bat jo nahi badu, galdetu gure Musika Eskolaz. Hastapen-tailerrak, instrumentuak ikasteko eskolak, abesbatza eta orkestrak eskaintzen ditu. Bisitan, bere adinaren eta interesen araberako aukerei buruzko orientazioa eman ahal izango dizuegu.
Nola egokitzen da ikastola gure familiaren egunerokora?
Amaitu aurretik, merezi du zuen antolaketa-beharrak partekatzea. Nondik etorriko zinateketen edo zer ordutegi dituzuen jakiteak aukera zehatzez hitz egiteko bidea ematen du.
EKINTZAn jangela eta sukalde propioa, ibilbide zabalak eta zerbitzu malgua dituen eskola-garraioa, zaintza eta eskolaz kanpoko jarduera ugari ditugu. Galdetu nola erabil ditzakezuen zuen seme-alabaren adinaren eta familiaren egunerokoaren arabera.
Gu bisitatzea erabaki duzue? Bihar ikusiko dugu elkar!
EKINTZA Ikastola bisitatzea erabaki baduzue, galdera hauek gure topaketari hasiera emateko balio dezakete. Ziur ibilbidean zehar beste batzuk ere sortuko direla, eta gustura entzungo ditugu. Ekarri azken egunotan buruan bueltaka dituzuen zalantza txiki horiek ere.
Larunbat honetan, azaroaren 28an, zain izango gaituzue EKINTZA Ikastolako Ate Irekien Jardunaldian. Donostiako ikastola itundua gara, eta 2 urtetik 18 urtera arteko hezkuntza-ibilbidea eskaintzen dugu. Oraindik izena eman ez baduzue, hemen egin dezakezue. Eta egun hori ondo ez badatorkizue, bisita pertsonalizatua eska dezakezue.
Elkar ezagutzeko gogoz gaude!