Plisti Plasta! Gorputzetik abiatu, emozioak entzun, erritmo pertsonalak errespetatu… eta lokatz arrastoren batekin etxera bueltatu

2026/03/31

Goizean freskura berezi bat sumatzen zen airean. Isilean geunden zain, gauak zer opari utzi ote zigun jakin nahian. Euri tanta finen batek lurra bustiko al zuen gauean? Begirada basora zuzendu eta irribarre txiki bat marraztu zitzaigun aurpegian. Han zeuden. Basoan, lurrean, hosto artean, eguzki goiztiarraren azpian distiratzen: putzu txikiak. Isil-isilik, gure zain.

Plisti Plasta! Gorputzetik abiatu, emozioak entzun, erritmo pertsonalak errespetatu… eta lokatz arrastoren batekin etxera bueltatu

Haur batzuk korrika hurbildu ziren, irribarrea ahoan eta jakin-mina begietan. Beste batzuk pausoz, arretaz, lurra behatuz. Eta bazen urrutixeago geratu zenik ere, begiratu, neurtu eta ulertu nahi izango balu bezala. Mikelek ez zuen zalantzarik izan: zuzenean sartu zen uretan. Plisti eta plasta! Martinek oinetako puntarekin probatu zuen lehenik, Plasta…Markel, berriz, atzerago geratu zen, begirada sakon batekin, mundu txiki hura bere barruan antolatzen. Irudi xumea dirudi. Egun arrunt bateko eszena soil bat. Baina bertan dago hezkuntzaren muina: bakoitza bere moduan hurbiltzen da mundura. Bere erritmoan. Bere ausardiarekin. Bere zalantzekin. Eta hor hasten da benetako ikaskuntza.

 

Txikitan gorputzetik ikasten da

Haur txikiek gorputzarekin sentitzen dute mundua. Ez dute azalpen teorikorik behar lokatzaren hotza ulertzeko. Ez dute grabitateari buruzko azalpenik eskatzen; nahikoa dute ura isuri eta beherantz doala ikustea. Zentzumenek irekitzen dute ikaskuntzaren atea: ukimena, entzumena, usaimena, mugimendua. Gorputza da lehenengo laborategia.

EKINTZA Ikastolan jakin badakigu etapa hori ezin dela azkartu. Gorputzetik pasatu gabe ez dago ulermen sakonik. Esperimentatu gabe ez dago jakin-min sendorik. Eta jakin-minik gabe, ez dago benetako ikaskuntzarik.

Nolanahi ere, haur guztiak ez dira berdin mugitzen munduko putzuetan. Batzuek berehala jauzi egiten dute. Beste batzuek denbora behar dute. Batzuek lokatza eskuetan hartzen dute irribarrez. Beste batzuek distantzia mantentzen dute lehenengo egunetan. Eta hor dago gure konpromisoa, bakoitzaren garapena errespetatzean eta zaintzean. Garapena bide pertsonala da. Adina, zenbaki bat besterik ez.

Izan ere, haur batek ausardiaz esploratzen duenean, mugak ulertzen laguntzen diogu eta arrisku neurtuak kudeatzen. Haur batek zalantza duenean, segurtasun-sarea eskaintzen diogu, presiorik gabe. Ez dugu konparatzen. Ez dugu azkartzen. Ez dugu “denek egin behar dute” esaten. Heziketa ez baita lasterketa bat.

Natura bera da horren adierazle, esaterako, zuhaitz batzuk lehenago loratzen dira, beste batzuk, aldiz, beranduago. Baina denek behar dute lur egokia, ura eta denbora.

 

Handitzean, sentitzetik ikertzera

Adinean aurrera doazela, putzu hartako jolasa galdera bihurtzen da. Zergatik desagertu da ura? Zergatik geratu da lurra bigun? Zergatik hondoratzen da harri hau eta ez ostoa?

Txikitan sentitutakoa, handitzen doazen heinean, ikertu eta aztertzeko gaitasun bihurtzen da. Lehenengo zipriztin hura pentsamendu kritikoaren abiapuntu izan daiteke. Lehenengo lokatz-esperientzia hark zientziarako interesa piztu dezake.Eta heldutasunera bidean, haurrak gai dira proiektuak diseinatzeko, hipotesiak formulatzeko, taldean planifikatzeko eta egindakoa ebaluatzeko.

 Baina etapa horretara iristeko, lehenengo plisti! eta plasta! aritu behar dira...

 

Zer da, beraz, Plisti Plasta?

Ez da kanpora ateratzeko jarduera soil bat. Ez da “zikintzea”. Ez da denbora pasatzea. Hezkuntza ulertzeko modu bat da. Gorputzetik abiatu. Emozioak entzun.  Erritmo pertsonalak errespetatu eta hortik pentsamendua eta ekintza eraiki. Agian etxera lokatz arrastoren batekin iritsiko dira. Agian galdera berriekin. Ziur gaude haur bakoitza bere bidean hazten ari dela. Bere erritmoan. Bere moduan. Zaindua eta errespetatua sentituz.

Txikitan gorputzarekin sentitu. Handitan ikertu, aztertu eta egin. Beti, bakoitzaren garapena maitasunez zainduz. Hori da, azken batean, hezkuntzaren benetako oinarria.