2 urtetik 18ra, komunitatean hazten Donostiako EKINTZA Ikastolan

2026/10/16

Zuen alaba edo semearentzat ikastola bilatzean, ezagutu, entzun eta zainduko duten ingurune batean haziko dela jakiteak pausoa konfiantzaz ematen laguntzen du. EKINTZA Ikastolan, Donostiako ikastola itunduan, 2 urtetik 18ra bitarteko hezkuntza eskaintzen dugu, eta bidelaguntza hori hezkuntza-komunitate osoaren artean eraikitzen dela ulertzen dugu. Hori da gure zutabeetako bat, eta hainbat egitasmoren biatartez finkatuz goaz ikastolan. Ideia horretatik sortu da hain justu Denok BAT, ikasturtean zehar adin desberdinetako ikasleak elkartuko dituen egitasmo berria, elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta harremanak, bizikidetza eta elkarrekiko zaintza indartzeko.

2 urtetik 18ra, komunitatean hazten Donostiako EKINTZA Ikastolan

Elkarrekin bizitzen ikastea ere hezkuntzaren parte da

Beste pertsona bati entzutea, laguntza eskaintzea, behar duguna adieraztea edo talde batean gure lekua aurkitzea garapen akademikoarekin batera doazen ikaskuntzak dira. Horregatik, EKINTZAn egunerokoan lantzen dugu bizikidetza, parte hartzeko, elkarlanean aritzeko eta errespetuan oinarritutako harremanak sortzeko aukerak eskainiz.

Ikastolako Bizikidetza Taldeak bultzatutako Denok BAT egitasmoaren abiapuntua ikasleei eta langileei entzutea izan da. Joan den ikasturtean haien iritziak jaso genituen, bizikidetza nola bizi duten eta zer hobetzen jarrai dezakegun ezagutzeko.

Erantzunek oinarri positiboa erakutsi zuten: ikasleak seguru sentitzen dira, eta ikaskideen zein irakasleen laguntza dute behar dutenean. Era berean, gehiago parte hartzeko, ideiak proposatzeko eta ikastolako bizitzan ekarpenak egiteko gogoa adierazi zuten.

Denok BATek nahi horri bide ematen dio, adin desberdinetako ikasleen arteko lankidetzaren bidez, prebentzioa, elkarrizketa eta enpatia abiapuntu hartuta.

Elkar Ezagutzen: harremanak sortzeko lehen urratsa

Aste honetan jarri dugu martxan Elkar Ezagutzen, egitasmoaren lehen jarduera, adin desberdinetako ikasleek elkar ezagutzeko. Ikasturte osoan zehar topaketen eta jarduera partekatuen bidez jarraituko duen ibilbidearen hasiera da.

Horretarako, etapa desberdinetako taldeen arteko senidetzeak antolatu ditugu: HH5eko ikasleak LH6koekin elkartuko dira; LH1etik LH4ra bitarteko taldeak, hurrenez hurren, DBH1etik DBH4ra bitartekoekin; eta LH5ekoak Batxilergoko 1. mailakoekin.

Topaketa horien bidez, ikasle nagusiak erreferente positibo bihurtzea eta txikiek beren ideia, galdera eta ekarpenekin parte hartzea bilatzen dugu. Guztiek dute besteei zer eskaini eta besteengandik zer ikasi.

Ikasturtean zehar, talde horiek berriro elkartuko dira euskararekin, berdintasunarekin, jarduera fisikoarekin edo Liburuaren Egunarekin lotutako proposamenetan. Topaketen jarraitutasunak harremanak eta komunitateko kide izatearen sentimendua sendotzen lagunduko du.

2 urtetik 18ra: elkarrekin egindako ibilbidea

2 urteko gelatik Batxilergora arteko hezkuntza-ibilbidea eskaintzeak hazkundearen etapa desberdinetan bidelagun izateko aukera ematen digu: lehen aurkikuntzetan, pixkanaka eskuratzen duten autonomian, nerabezaroko aldaketetan eta etorkizunari buruzko erabakietan.

Bide horretan, ikasle bakoitza, haren ibilbidea eta familia ezagutzeak une bakoitzean zer behar duen hobeto ulertzen laguntzen digu. Gertuko arretak eta familiekiko komunikazioak jarraitutasuna ematen diote adinarekin batera egokitzen den bidelaguntzari.

Denok BATek aukera berriak gehitzen dizkio ibilbide partekatu horri. Txikiek hurrengo etapetan dauden ikasleak ezagutzeko aukera dute; nagusiek, berriz, beste haur batzuei laguntzeko, entzuteko eta haiekiko harremanean ardurak hartzeko aukera.

Helburua da harremanak norberaren taldetik harago zabaltzea, eta ikasle bakoitzak ikastolan bizipenak partekatzeko eta behar duenean laguntza eskatzeko pertsonak aurkitzea.

Bidelagunak izatea, osotasunean garatzeko

EKINTZAn, arreta pertsonalizatuak pertsona bere osotasunean hartzen du kontuan: haren ikaskuntzak, emozioak, harremanak, interesak eta egoera. Irakasleek, ikastolako langileek eta familiek zaintza horretan laguntzen dugu, bakoitzak ikasleekin dituen harreman-esparruetatik.

Denok BATen bidez, ikasleak ere zaintza partekatu horren protagonista izatea nahi dugu. Beste pertsona bat nola sentitzen den antzematen ikastea, beste adin bat dutenekin elkarlanean aritzea eta laguntza eskatzen nahiz eskaintzen ikastea.

Esperientzia horien bidez, garapen akademikoarekin batera garapen emozionala eta soziala bultzatu nahi ditugu, eta pertsona bakoitza entzuna, baloratua eta taldeko kide sentituko den komunitatea eraikitzen jarraitu.

Etorri gure ikastola ezagutzera

Zuen alaba edo semearentzat Donostian ikastola bila bazabiltzate, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arte zaintza, bizikidetza eta bidelaguntza nola bizi ditugun ezagutzera gonbidatzen zaituztegu.

Datorren azaroaren 28an ate irekien jardunaldia egingo dugu. Bisita pertsonalizatua ere eska dezakezue, gure espazioak ezagutzeko, taldearekin hitz egiteko eta etapa berri honen inguruko zalantzak partekatzeko. Gustura hartuko zaituztegu, haur eta gazte bakoitzari bere bidean nola laguntzen diogun kontatzeko.