2025/06/11
Haurtzaroan, garapenaren ardatz nagusietako bat da jolasa. Gizartean oraindik ere maiz jolasaren balioa gutxiesten da, aisialdirako jarduera huts gisa ulertuta. Hala ere, ikuspegi pedagogiko, neuropsikologiko eta soziokulturaletik begiratuta, jolasak ez du ordezkorik. Haurren garapen osoa (kognitiboa, emozionala, soziala eta fisikoa) zuzenean elikatzen duen jarduera da, eta biziraupenerako funtsezkoa dela gero eta nabarmenagoa da hezkuntza-adituen artean. Beraz, testuinguru honetan, jolasaren garrantziaz gogoeta egitea beharrezkoa da, eta artikulu honetan horretan sakonduko dugu, Jolasaren Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan, hain justu.
Gaur egun, gero eta gehiago dira Haur Hezkuntzan zein hezkuntza komunitate osoan jolasaren zentralitatea aldarrikatzen duten ahotsak. Zergatik? Abiapuntu bezala, garunaren garapena ingurunearekin etengabeko elkarreraginean ematen da, eta jolasa da interakzio horren motorra haurtzaroan. Neurozientziak erakutsi duenez, jolasaren bidez haurrek lotura neuronal berriak sortzen dituzte, eta beren gaitasun kognitiboak (memoria, kontzentrazioa, irudimena) garatzen dituzte. Gainera, emozioen erregulazioa eta frustrazioaren kudeaketa jolas librearen bitartez ikasten dira modu naturalean.
Donald Winnicott psikoanalistak, esaterako, jolasaren bidez haurrak errealitatearen eta fantasiaren artean zubiak eraikitzen dituela adierazi zuen. Espazio segurua da jolasa, non haurrek identitatea eraikitzen duten, barne gatazkak kanporatzen dituzten eta ingurunea esploratzeko ausardia garatzen duten. Jakina, jolasa ez da jarduera isolatua. Besteekin partekatzen denean, haurrek talde dinamikak, arauak eta lankidetza ikasten dituzte. Sozializaziorako lehen laborategia da, non enpatia, errespetua eta negoziazioa bezalako balioak barneratzen diren. Jolas sinbolikoan, adibidez, haurrek rolak hartzen dituzte eta gizarteko eguneroko egoerak birsortzen dituzte: amaren edo aitaren rola, irakaslearena, medikuarena… Esperimentazio horren bidez haurrek gizartearen funtzionamendua barneratzen dute eta identitate propioa eraikitzen dute.
Haur Hezkuntzan jolasa ez da soilik metodologia bat, hezkuntza-egituraren oinarria izan beharko luke. Hik Hasiko irizpideen arabera, jolasa da haurraren ekintza naturalena, eta haren erritmoa eta interesa errespetatzen dituen hezkuntza-proiektuak jolasa erdigunean kokatzen ditu. Harago joanda, “Herri Hezitzailea, Eskola Herritarra” proposamenak defendatzen du hezkuntza ez dela eskolaren ardura bakarrik, hots, herri osoak jokatu behar duela rola. Kalean, parkeetan, auzoan… haurrek jolasteko aukera eta espazioak behar dituztela, alegia, askatasunez mugitu eta harremanak eraikitzeko.
Hori gutxi balitz, emozio eta kognizio garatzeko gunea ez ezik, hizkuntza barneratzeko espazio ezin hobea da jolasa. Adibidez, haurrak euskara-ingurunean jolasten direnean, hizkuntza modu inkontziente eta esanguratsuan barneratzen dute. Horregatik, hezkuntza komunitate batek jolaserako euskarazko giroak sortzea oso lagungarri izaten da, bai ikastetxean, jantokian, jolastokian zein aisialdiko jardueretan. Izan ere, jolas kooperatiboek, hitzezko jolas sinbolikoek edo ahozko jolas tradizionalek euskararen erabilera esanguratsua eta testuinguratua bultzatzen baitute.
Jolasa eskubide gisa: bizirauteko beharra
Nazio Batuen Haurren Eskubideen Hitzarmenak 31. artikuluan aitortzen du jolasaren eskubidea. Horrek esan nahi du jolasak ez duela soilik onurak ekartzen: berezkoa eta defendagarria den eskubide bat da, haur guztiek izan behar dutena. Testuinguru sozioekonomiko zailetan, jolasa babes-faktore bihurtzen da. Trauma, pobrezia edo bazterketa egoeretan dauden haurrentzat, jolasa da askatasunaren, erresilientziaren eta autoeraketaren iturri. Haurra jolasten den bitartean, haur da. Eta horrek ematen dio duintasuna eta bizirauteko aukera.
Erronkak eta arriskuak: Jolasaren desagerpena?
Gaur egungo gizartean hainbat joerek arriskuan jartzen dute jolasaren protagonismoa, besteen artean, pantaila denboraren gehiegizko erabilera, egutegi betea jarduera antolatuekin, espazio publikoaren merkantilizazioa edo helduen kontrola jolas denboran. Egun, haur askok ez dute aukera jolas librea garatzeko, dela espazio eta denbora falta, dela helduenganako dependentzia handia. Horregatik, ezinbestekoa da helduok gure rola birpentsatzea. Jolasa babestu behar dugu haurraren erritmoari eusteko eskubidea bermatuz, jolas libreari denbora eta leku emanez, eta batez ere, jolasa baloratuz.
Beraz, jolasa ez da aukerazko jarduera bat. Haurrek jolastea behar dute garatzeko, ikasteko, hazteko eta bizitzeko. Garapen neurobiologikoaren, emozionalaren eta sozialaren zutabe da, eta, gainera, identitatearen eta hizkuntzaren transmisiorako ezinbesteko tresna. Hori horrela, EKINTZA Ikastolan jolasaren balioa aitortu eta babesten dugu, haurrek beren garapen osoa burutu ahal izan dezaten. Izan ere, jolasa ez da luxua, biziraupenerako oinarria baizik.