2026/10/08
2027-2028 ikasturterako matrikulazio-datak laster jakinaraziko dira, baina familia askorentzat abentura hasi da dagoeneko. Asko eta asko zuen seme-alabak non eskolatu nahi dituzuen pentsatzen eta ikastetxeak ezagutzen hasi zarete. Bereziki, 2 edo 3 urterekin lehen aldiz eskolatuko direnean, galdera ugari sortzen dira, besteak beste, nolakoa izango da haien egunerokoa, nor izango dute bidelagun edo nola sentituko dira ingurune berri batean. Kontuan hartzeko zortzi alderdi proposatzen dizkizuegu, eta EKINTZA Ikastolan nola lantzen ditugun azaldu ere.
Familia bakoitza desberdina da, eta bere motibazioak eta egoerak berebizikoak dira bere beharretara ondoen egokitzen den aukera erabakitzeko orduan. Nolanahi ere, proposamenak ezagutzeko, espazioak bisitatzeko eta bertako lantaldeekin hitz egiteko denbora hartzeak konfiantza handiagoz erabakitzen laguntzen du. Kokapenaz eta ordutegiez gain, komeni da jakitea, besteak beste, nola irakasten den, haur bakoitza nola zaintzen den eta familiekin zer harreman eraikitzen den.
EKINTZA Ikastolan, Donostiako ikastola itundua garen aldetik, kontuan hartzeko zortzi alderdi proposatzen dizkizuegu, eta gure ikastolan nola lantzen ditugun azalduko dizuegu.
1. Balioak eta hezkuntza-filosofia
Ikastetxe baten balioak egunerokoan antzematen dira: ikasleei nola entzuten zaien, emozioak nola laguntzen diren kudeatzen edo elkarrekin bizitzen nola ikasten den. Aukeratzeko orduan, merezi du jakitea hezkuntza ulertzeko modu hori bat datorren zuen familiarentzat nahi duzuenarekin.
EKINTZA Ikastolan hezkuntza laikoa eskaintzen dugu, euskal kulturan errotua eta mundura irekia, errespetua eta gertutasuna harremanen oinarri hartuta. Haur Hezkuntzatik lantzen dugu elkarbizitza, eguneroko bizipenen bidez: elkarrekin jolastuz, batzarrean elkarri entzunez edo ingurunea zaintzen ikasiz. Horrez gain, hezkuntza-komunitate osoa inplikatzen duten dinamika parte-hartzaileak sustatzen ditugu, etapa guztietako ikasleek beren burua hobeto ezagutzeko eta elkarren artean zein ingurunearekin harreman osasungarriak eraikitzeko. Ongizate afektibo eta emozionalak funtsezko lekua du, gustura eta lagunduta sentitzea ezinbesteko oinarria baita askatasunez esploratzeko eta ikasteko.
2. Jarraipena duen proiektu pedagogikoa
Hezkuntza-proiektua ezagutzeak etapa bakoitzean ikasleek nola ikasten duten ulertzea dakar. Haur txikienen familientzat, bereziki lagungarria da galdetzea zer leku duten jolasak, mugimenduak eta autonomiak. Era berean, komeni da ikastetxeak hurrengo urteetarako eskaintzen duen ibilbidea baloratzea.
EKINTZA Ikastolan 2 urtetik 18 urtera bitartean laguntzen diegu ikasleei, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoa barne hartzen dituen proposamenarekin. Etapa bakoitzaren helburuetara egokitutako metodologia ugari uztartzen ditugu.
Haur Hezkuntzan, jolas librearen, txokoen, esperimentazioaren eta psikomotrizitatearen bidez, haurrek beren esperientzietatik ikasten dute. Lehen Hezkuntzan, ikaskuntzaren eta garapen pertsonalaren oinarriak sendotzen ditugu, lankidetzan eta proiektuen bidez lan eginez. DBHn, ikasleek pentsamendu kritikoa, autonomia eta erantzukizuna garatzen dituzte. Ibilbideak Batxilergoan du jarraipena: Zientziak eta Teknologia eta Giza eta Gizarte Zientziak modalitateak eskaintzen ditugu, eta arreta berezia jartzen dugu orientazioan, ikasleek hurrengo urratsak erabaki ditzaten.
3. Arreta pertsonalizatua eta familiekin komunikazioa
Haur bakoitzak bere erritmoa, interesak eta harremanak izateko modua ditu. Horregatik, garrantzitsua da galdetzea nola egiten den banakako jarraipena eta nola partekatzen den familiekin ikastolan gertatzen dena.
Bi lerroko ikastola gara EKINTZA Ikastola, eta irakasleak, hezkuntza-laguntzako langileak eta orientazio-taldea ditugu, etapa guztietan gertuko laguntza eskaintzeko.
2 urteko gelan, haur bakoitzaren heltze-prozesua errespetatzen dugu, eta bereziki zaintzen ditugu higiene-, elikadura- eta atseden-uneak. Haur Hezkuntzan, irakasleek ikaskuntza-prozesuak behatu eta dokumentatzen dituzte, familiekin etengabeko elkarrizketa izateko. Aurrerago, Lehen Hezkuntzan, Batera bezalako proposamenen bidez, maila bakoitzeko bi gelak elkartzen ditugu Euskara eta Matematika talde txikietan lantzeko, hiru irakasleren laguntzarekin. DBHn eta Batxilergoan, maila bakoitzak hiru tutore ditu; horri esker, irakasleek talde txikiagoak gertutik behatu eta haien jarraipena egin dezakete.
4. Hizkuntzak egunerokoan
Zer hizkuntza irakasten diren jakiteaz gain, komeni da galdetzea nola txertatzen diren eta ikasleek zer aukera dituzten hizkuntza horiek erabiltzeko.
EKINTZA Ikastolan euskaraz bizi eta ikasten dugu lehen urteetatik, haur bakoitzaren hizkuntza-errealitatea kontuan hartuta. Jolasak, ipuinek eta eguneroko harremanek euskarara eta euskal kulturara modu naturalean hurbiltzen laguntzen dute.
3 urtetik aurrera ingelesa txertatzen dugu, jolasen, abestien eta jarduera praktikoen bidez. Hizkuntza-proiektuak aurrera jarraitzen du Lehen Hezkuntzan, euskara, gaztelania eta ingelesa landuz, eta DBHn frantsesa gehitzen dugu. Gainera, Diploma Dual programa egiteko aukera eskaintzen dugu: ikasleek ikastolako ohiko ikasketekin batera, Estatu Batuetako High School Diploma titulua lortzeko prestakuntza egin dezakete.
5. Esploratzera eta ikastera gonbidatzen duten espazioak
Bisita batean, espazioei erreparatzeak egunerokoa nolakoa izango den irudikatzen laguntzen du: non mugitu, aire zabalean jolastu, irakurri edo esperimentatu ahal izango duten.
Donostiako Antiguo auzoan dago EKINTZA Ikastola, basoaren ondoan eta Ondarretako hondartzatik gertu. Ingurune horrek naturarekin harremanetan ikasteko aukera ematen du lehen urteetatik: urtaroen aldaketak behatzeko, material naturalak ezagutzeko eta inguratzen gaituena zaintzen eta errespetatzen ikasteko.
Patio estaliak eta aire zabalekoak, liburutegia, psikomotrizitate-gela, laborategiak, teknologia- eta arte plastikoetako gelak, musika-gelak eta kirol-instalazioak ditugu. 2 urteko gelak, gainera, kanpoko espazio propioa du, adin horretara egokitutako jolas- eta esplorazio-proposamenekin.
6. Kokapena eta kontziliazioa errazteko zerbitzuak
Aukerak familiaren antolaketarekin ere bat egin behar du. Joan-etorriak, sarrera- eta irteera-ordutegiak eta zaintza-zerbitzuak hasieratik baloratzea komeni da.
EKINTZA Ikastolan eskola-garraioa dugu, eta ibilbideak ikasturtero egokitzen ditugu familien beharretara, bai Donostian, bai Donostialdeko beste herri batzuetan, hala nola Hernanin, Oiartzunen eta Lasarte-Orian. Ikasleak ikastolako begiraleekin egiten dute bidaia, eta eskolaz kanpoko jarduerak amaitzen direnean ere eskaintzen dugu zerbitzua.
Zaintza-zerbitzua unean-unean edo modu jarraituan erabiltzeko aukera dago. 2 urteko gelan, sarrerak eta irteerak malguak dira, eta goizeko ordutegia edo goiz eta arratsaldekoa aukeratu daiteke. Zerbitzu horiek egunerokoa antolatzen laguntzen dute, haur txikiak ingurune ezagun batean egonda.
7. Interes berriak ezagutzeko jarduerak
Eskolaz kanpoko eskaintzak ere ikastetxea hobeto ezagutzen lagundu dezake. Komeni da proposamenen aniztasunari eta zer adinetarako diren erreparatzea, haur bakoitzaren interesekin bat datozen jarduerak aukeratzeko.
Ikastolan kirol-, arte-, musika- eta teknologia-jarduerak eskaintzen ditugu. Gure indarguneetako bat Musika Eskola propioa da, irakaskuntza praktikoa eta pertsonalizatua eskaintzen duena. Hastapen-tailerrak, musika-hizkuntza eta pianoa, biolina, zeharkako txirula eta gitarra bezalako instrumentuak lantzeko aukera dago, baita abesbatzan eta orkestretan parte hartzekoa ere. Etapa desberdinetan bidelagun den proposamena da, musikaz bakarka zein taldean gozatzeko.
8. Jantokia ere hezkuntza-espazioa da
Familia askorentzat, jantokia egunaren zati garrantzitsua da. Menuaz gain, interesgarria da jakitea non prestatzen den janaria, nola erantzuten zaien elikadura-beharrei eta nork laguntzen dien seme-alabei une horretan.
EKINTZA Ikastolan sukalde eta sukaldari propioak ditugu. Dietistek planifikatutako menuak prestatzen ditugu, bertako eta sasoiko produktuei lehentasuna emanez. Alergia, intolerantzia eta bestelako beharretara egokitzen ditugu, eta menu begetarianoak, beganoak eta txerrikirik gabekoak ere eskaintzen ditugu.
Jantokiak adinaren arabera antolatzen ditugu: 2 urteko haurrek beren gelan jaten dute, hezitzaileen laguntzarekin; 3 eta 7 urte bitartekoek, berriz, berariazko jantokia dute. Otorduak eta atsedena gure hezkuntza-proiektuaren parte dira, eta zaintza, ohiturak eta elkarbizitza-harremanak lantzeko uneak ere badira.
Zatozte EKINTZA Ikastola ezagutzera
Donostian ikastola bila bazabiltzate, zuen seme-alabak 2 edo 3 urterekin hasteko, edo beste etapa batzuetarako aukerak aztertzen ari bazarete, EKINTZA Ikastola ezagutzera gonbidatuta zaudete. Pozik hartuko zaituztegu!
Ezagutu nahi gaituzue?
Zatozte azaroaren 28ko ate irekien jardunaldira edota eskatu bisita pertsonalizatua hobekien datorkizuen egunetan etortzeko.