2025/01/14
2025-2026 ikasturterako matrikulazio-aldia Euskadin otsailaren 3tik 14ra izango da. Zuen seme edo alaba lehen aldiz eskolatzeko zorian bazaudete edo ikastetxez aldatzea pentsatzen ari bazarete, prozesu hori ahalik eta errazena egin nahi dizuegu. Ez da batere zaila! Beharrezko dokumentazioa bildu besterik ez duzue egin beharko. EKINTZA Ikastola aukeratu duzuen familientzat, gida erraz bat prestatu dugu matrikula formalizatzea izapide erraza eta argia izan dadin.
Non eta nola egin dezakezue matrikula?
Gure ikastolan
Aurrez aurre egin nahi baduzue, hurbil zaitezte gure idazkaritzara, eta gustura lagunduko dizuegu astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 18:30era.
Posta elektronikoz
Erosoagoa egiten zaizue etxetik egitea? Bildu beharrezko dokumentuak (jarraian zehaztuko ditugu) eta bidali helbide honetara:
ikastola@ekintza.eus Gure taldea arduratuko da guztiaz.
Eusko Jaurlaritzaren webgunearen bidez
Online ondo moldatzen bazarete, matrikula Ikasgunean zuen ziurtagiri digitalarekin sartuta ere izapidetu dezakezue.
Beharrezko dokumentazioa
Matrikula formalizatzeko, ziurtatu eskura dituzuela:
• Familia-liburua
• Familiaren errolda-ziurtagiria
• Gurasoen eta seme-alabaren NANa, halakorik badu
Gainera, erregistroa egiteko unean, zuen familiaren gizarte- eta hezkuntza-egoerari buruzko galdetegi bat bete beharko duzue, Hezkuntza Sailak eskatu bezala.
Matrikula ikastolarekin zuzenean izapidetzen ari bazarete, EKINTZAren matrikula-orria eta Datuak Babesteko gure dokumentua ere beharko dituzue.
Aukerako dokumentazioa
Beharrezko dokumentazioaz gain, baremaziorako dokumentazio gehigarria ere aurkez dezakezue. Honako faktore hauek balora daitezke:
• Etxetik edo lantokitik gertu egotea
• Familia ugaria edo guraso bakarrekoa
• Ikastolako ikasle ohia izatea
• Genero-indarkeriaren edo terrorismoaren biktima
• Desgaitasuna
Kontuan hartu beharreko datak
• Eskaera egiteko epea: otsailaren 3tik 14ra
• Eskatzaileen zerrendak argitaratzea: martxoaren 5a
• Behin-behineko zerrendak argitaratzea: martxoak 18
• Behin betiko zerrendak argitaratzea: apirilaren 15ean
Zuen seme-alabak EKINTZA Ikastolan matrikulatzea erabaki duzuen familiek gogoratu hemen gaudela sortzen zaizuen edozein zalantza argitzeko eta matrikulazio prozesuan laguntzeko. Idatzi edo bisitatu gaitzakezue, atseginez lagunduko dizuegu!
Ezagutu nahi gaituzue?
EKINTZA Ikastola Donostiako ikastetxe bat baino askoz gehiago da. Lankidetza, errespetua eta jasangarritasuna bezalako balioetan oinarritutako kalitatezko hezkuntza eskaintzeko konpromisoa duen itunpeko ikastola gara. Gu aukeratzeak, hezkuntza-proiektu berritzaile eta gure kulturan errotutako baten alde egitea esan nahi du.
Oraindik ez duzue EKINTZA Ikastolara hurbiltzeko aukerarik izan? Bisita egitera gonbidatzen zaituztegu! Gure ateak beti daude zabalik. Eskatu bisita pertsonalizatua eta erakutsiko dizuegu nola inspiratzen, zaintzen eta animatzen dugun ikasle bakoitza, 2 urtetik 18 urtera, bere potentzial guztia zabal dezan.