2026/02/20
Azken urteotan gero eta gehiago entzuten dugu haur eta nerabeen ongizate emozionalaz hitz egiten. Guraso, hezitzaile eta komunitate gisa, kezkatzen gaitu gure seme-alabak nola dauden, nola sentitzen diren eta nola hazten diren mundu azkar, aldakor eta ziur gabe honetan. Testuinguru horretan, nola daramagu gure txikiei mugak jartzearen eta erakustearen beharra?
Askotan, muga hitza entzutean, zigorra, debekua edo autoritarismoa bezalako kontzeptuak etortzen zaizkigu burura. Hala ere, gero eta aditu gehiagok gogorarazten digute muga ez dela hori. Muga maitasuna da, zaintza da, eta batez ere, babesa da. Haurrak ez dira seguru sentitzen mugarik gabeko espazioetan; alderantziz, erreferentzia argiak, koherenteak eta heldu fidagarriak behar dituzte alboan.
Helduok askotan zailtasunak izaten ditugu “ez” esateko. Batzuetan seme-alaben sufrimendua saihestu nahi dugulako, beste batzuetan errudun sentitzen garelako, edo agian maitatuak ez izatearen beldur garelako. Edonola ere, beldur horiek zeharkatzea garrantzitsua da, izan ere haurrek ez dute heldu perfekturik behar, heldu presenteak, koherenteak eta arduratsuak behar dituzte. Eta helduok barneratu behar dugu mugak jartzeak ez duela esan nahi haurren emozioak ukatzea, baizik eta emozio horiek lagunduta eta bideratuta bizitzen irakastea.
Eta hori guztia gauzatu dadin, ikastolan egunero ikusten dugu zein garrantzitsua den familia eta eskola norabide berean joatea. Etxean jartzen diren mugak ezin dira eskolaren gain utzi eta eskolak ezin du familiaren lekua hartu. Elkarrekin eraikitzen dugunean, aldiz, haurrek segurtasun handiagoa sentitzen dute eta horrek ikasteko, harremanak sortzeko eta hazteko aukera ematen die.
Gainera, muga osasuntsuek frustrazioa kudeatzen laguntzen dute, erantzukizuna garatzen dute eta norbere buruarengan konfiantza sortzen dute. Bizitzak ez baititu beti nahi ditugun moduko erantzunak ematen eta haurrei hori pixkanaka ulertzen laguntzea altxor handia da etorkizunerako.
Ikastolan badakigu, beraz, mugak ez direla etsaiak, aliatuak baizik. Maitasunez, errespetuz eta zentzuz jarritako mugak dira haurrak babesten dituztenak eta heldu izateko bidean sostengu sendoa ematen dietenak.
Inork ez du hezkuntzaren errezeta magikorik. Baina EKINTZA Ikastolan badakigu osagai batzuek beti funtzionatzen dutela: harremana, entzutea, koherentzia eta maitasuna.