“Euskararen erabilera indartzea, gaitasun digital arduratsua garatzea eta aniztasunari erantzutea dira gure funtsezko erronkak”

2025/09/24

Ikasturte hasiera normaltasunez igaro da EKINTZA Ikastolan. Sentsazioak onak dira Uxue Arrazolarentzat. Ikasleek egokitzapen samurra izan dute, eta zentzu honetan, familien gertutasuna funtsezkoa izan dela nabarmendu nahi izan du ikastolako zuzendariak. Aurrera begira, euskararen erabilera sustatzea, gaitasun digital arduratsua lantzea eta ikasleen aniztasunari erantzuteko metodologiak berritzen jarraitzea izango dira ikasturteko erronka nagusiak. Elkarrizketa honetan eman dizkigu xehetasunak.

“Euskararen erabilera indartzea, gaitasun digital arduratsua garatzea eta aniztasunari erantzutea dira gure funtsezko erronkak”

Uxue, nola izan dira ikasturte hasierako lehen aste hauek ikastolan? Zer giro sumatzen da ikasleen, irakasleen eta familien artean?
Ikasturte hasierako asteak normaltasunez eta ikasleen egokitze onarekin igaro dira. Pixkanaka errutinak eta eguneroko lana sendotzen ari dira. Familiek, bestalde, lankidetza eta gertutasuna erakutsi dute, eta horrek etxearen eta eskolaren arteko harreman positiboa eta komunikazio arina bultzatzen ditu.

Beti hitz egiten dugu ikasle txikien familiarizazio prozesuaz. 2 urteko ikasle berriak hortan aritu dira joan den astera arte, hain justu. Baina, azken etapetako ikasleak, adibidez, nola ari dira moldatzen uda ostean?
Txikienen egokitzapenaz sarritan hitz egiten dugu, baina ikasturte hasiera nola bizi duten nerabeek ere azpimarratzekoa da. Haientzat, ikasketa ohiturak berreskuratzeko garaia da, ikasgai eta irakasle berriekin antolatzeko, eta ikaskideekin berriz elkartzeko.
Horrez gain, nerabeen kasuan, hainbat alorretan arreta berezia jartzen dugu: euskara eguneroko bizitzara ekartzea —udaran askok gutxiago erabiltzen baitute— eta mugikorrik gabeko eskolako bizitzara ohitzea dira, besteak beste, erronkak. Pixkanaka arduraz erantzuten eta ikasturteko erritmoa berreskuratzen ari dira.

Zuzendari gisa, zein sentsazio dituzu ikasturte berri honetarako?
Ikasturte honen hasierako sentsazioak onak dira. Uste dugu gauzak ondo egiten ari garela, gizartearen aldaketetara eta Hezkuntza Sailaren eskakizunetara egokitzen ari garela. Horrek guztiak konfiantzaz eta erantzukizunez lan egiten jarraitzera bultzatzen gaitu, gure ikasleen eta familien egungo beharrei erantzuteko.

Ikasturte bakoitzak bere erronkak ekartzen ditu. Zeintzuk dira zure ustez ikastolak aurten izango dituen nagusiak?
Ikasturte honetan hainbat erronka garrantzitsu planteatzen ditugu. Lehenik eta behin, euskararen erabilera indartzen jarraitu nahi dugu egunerokoan, ez bakarrik ikasgela barruan, baita eskolako bizitzan ere.
Aurrez aurre dugun erronka handietako bat ikasleengan gaitasun digital sendo eta arduratsua garatzea da. Gero eta kontzienteago gara tresna digitalen erabilera desegokiek ekar ditzaketen ondorioez, eta horien inguruan informazio gehiago dugun neurrian, arrisku horiek prebenitzeko beharra ere sortzen da. Horretarako, tresna digitalen bilakaerari oso adi egon behar dugu eta bermatu haien erabilerak ikaskuntzarako benetako balio erantsia ekartzen duela.

Era berean, gure ikasleen aniztasun gero eta handiagoari erantzun nahi diogu eta Hezkuntza Sailaren jarraibideekin bat etorriz, gure metodologiak berritzen jarraitu nahi dugu gure ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzeko. Azkenik, erantzukizunez heltzen diogu erronka demografikoari. Jaiotza-tasa beherantz doan honetan, ikastetxearen jasangarritasuna bermatu behar dugu.

Zein proiektu edo ekimen nabarmenduko zenituzke aurten, ikasle zein familientzat bereziki adierazgarriak izan daitezkeenak?
Aurretik aipatu dugun guztiaz gain, Eskola Adimentsua proiektua martxan jarri behar dugu, metodologia aktiboetan aurrera egiteko. Bestalde, Ikastolako Mugikortasun Plana bultzatu nahi dugu, gure langile, ikasle eta familien joan-etorriak jasangarriagoak eta seguruagoak izan daitezen. Batxilergoan, esaterako, PAU berrira egokitzea dugu erronka, ikasleak prozesu hau ahalik eta segurtasun handienarekin bizi dezaten lagunduz eta betiere eredua aldatzeak sortzen duen ziurgabetasuna murrizten saiatuz.

Amaitzeko, zein mezu helarazi nahi zenioke komunitateari ikasturte berri honetan?
Bizikidetza eta komunitate hezitzaile osoaren ongizate emozionalak duen garrantzia azpimarratzea gustatuko litzaidake. Elkarren zaintzan sinesten dugu; ikasleek, irakasleek eta familiek osatzen dugun komunitate honetan elkar lagundu eta ingurune atsegina sortzeak duen garrantzian. Era berean, familiekin lankidetzan aritzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, sinetsita gaudelako hezkuntza aberastu eta aurrera egiten dela modu partekatuan eraikitzen denean.