2026/09/25
Adimen artifiziala gero eta presenteago dago gure egunerokoan, eta jakina, hezkuntza ere ez dago errealitate horretatik kanpo. Aukera berriak eskaintzen ditu, baina galderak eta erronkak ere planteatzen dizkigu: nola erabil dezakegu irakasleen lana hobetzeko? Zer hartu behar dugu kontuan ikasgelara eramaterakoan? Nola bermatu erabilera kritikoa, segurua eta arduratsua? Galdera horiei erantzuteko eta teknologia berrien aurrean prestatzeko, EKINTZA Ikastolako irakasleek adimen artifizialari buruzko prestakuntza jaso dute, Elhuyar Hezkuntza Zientziako Danel Solabarrietaren eskutik.
Bi saiotan garatutako prestakuntzaren xedea tresna berriak ezagutzea baino harago joan da, adimen artifiziala modu profesional, kritiko eta arduratsuan erabiltzeko irizpideak lantzea izan baita ardatza.
AA, irakasleen eguneroko lanerako laguntzaile
Prestakuntzan ikusi denez, adimen artifizialak aukera ugari eskaintzen dizkie irakasleei: saioak eta jarduerak prestatzea, ideiak sortzea, materialak ikasleen adin eta beharretara egokitzea, testuak sortu edo berrikustea edota informazioa antolatzea, besteak beste. Helburua, ordea, ez da denbora berean gauza gehiago egitea, baizik eta tresna horiek irakasleen lana eta prestatutako materialen kalitatea hobetzeko baliatzea.
Horixe ikusi du Iera Irazusta Lehen Hezkuntzako irakasleak ere. Bere ikasleek oraindik ez dute ordenagailua erabiltzen, eta, beraz, kasu honetan AA irakaslearentzako baliabide bilakatzen da. Besteak beste, adinera egokitutako testuak sortzeko edo ikasleentzat material bisualak prestatzeko erabiltzen du. Aipatu duenez, prestakuntza horrek, gainera, tresna eta aukera berriak ezagutzeko balio izan dio.
Adinak aurrera egin ahala, berriz, beste erronka batzuk agertzen dira. 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoekin lan egiten du Endika Perezek, DBHko ikasleekin, alegia, eta haren ustez, AAk ikaskuntza pertsonalizatzeko eta irakasleei materialak eta dinamikak prestatzen laguntzeko aukera handiak eskaintzen ditu. Alabaina, ikasleek jasotako informazioa egiaztatu gabe ontzat hartzeko arriskua ikusten du, baita plagioarekin, pentsamendu kritikoarekin edo tresnekiko mendekotasunarekin lotutako erronkak ere.
Teknika, pedagogia, etika eta lege-esparrua
Prestakuntza ez da tresnen funtzionamendura mugatu. Lau ikuspegitatik landu da adimen artifiziala: teknikoa, pedagogikoa, juridikoa eta etikoa.
Alde batetik, hizkuntza-ereduek nola funtzionatzen duten, non egin ditzaketen akatsak eta sortutako informazioa egiaztatzearen garrantzia aztertu dira. Bestetik, jarduerak, materialak eta baliabide digitalak diseinatzeko aukerak landu dira, baita euskaraz sortutako edo itzulitako edukien kalitatea berrikusteko irizpideak ere.
Datu pertsonalen eta informazio konfidentzialaren babesa, irudien erabilerarekin lotutako lizentziak eta baimenak edo AAren erabilerak dakartzan erantzukizun etikoak ere prestakuntzaren parte izan dira. Izan ere, AAk emandako erantzun bat sinesgarria izateak ez du esan nahi zuzena denik.
Ierak ere ideia hori azpimarratzen du: tresna horiekin egindako lana beti berrikusi behar dela, akatsak egon daitezkeelako. Horrez gain, datuen pribatutasuna eta irudien erabilera egokia bezalako gaietan arreta jartzearen garrantzia nabarmendu du.
Tresna gure alde, irizpidea galdu gabe
Adimen artifiziala laguntzaile izan daiteke, baina ez du irakaslearen irizpidea ordezkatzen. Horixe izan da prestakuntzak azaleratu duen ondorioetako bat. Hots, sortutako emaitza ez da azken produktutzat hartu behar, irakasleak aztertu, kontrastatu eta bere testuingurura egokitu beharreko abiapuntutzat baizik.
Endikaren hitzetan, ikastaroak AAri beldurra galtzeko eta tresna hori eguneroko lanaren alde jartzen ikasteko balio izan die. Are gehiago, ikasleek egiten duten erabilera hobeto ulertzeko eta ikasgelan nola txertatu hausnartzeko beta izan da. Bere ustez, erronka ez da AA baztertzea, ikasleei haren erabilera kritiko eta etikoa egiten irakastea baizik.
Tresnak aldatzen ari dira eta aldatzen jarraituko dute, gero eta azkarrago gainera. Eta hor dago, hain zuzen ere, hezkuntzaren erronka nagusietako bat. Horregatik, irakasleek ere ikasten eta prestatzen jarraitu behar dute, aukera berriak aprobetxatu, arriskuak ezagutu eta erabaki pedagogikoak irizpidez hartzeko.
EKINTZA Ikastolan teknologia ikaskuntzaren zerbitzura ulertzen dugu, eta ez alderantziz. Adimen artifizialaren aurrean ere, teknologiak eskaintzen duen abagunea baliatu nahi dugu, baina betiere irakaslearen begirada, pentsamendu kritikoa, sormena eta ikasleenganako gertutasuna erdigunean mantenduz.