2025/10/03
EKINTZA Ikastolan Haur Hezkuntzan ikaskuntza esperientziala, sormena eta emozioen garapena lehenesten ditugu. Horretarako, metodologia berritzaileak lantzen ditugu, eta horien artean nabarmentzekoa da argiaren pedagogia.
Zer da argiaren pedagogia?
Gaur egun pedagogia hezkuntzaren zientzia gisa ulertzen da, baina maiz arte gisa ere bai, hezkuntzaren barnean diziplina anitzek eragiten dutelako. Argiaren pedagogiak bi ikuspegi horiek uztartzen ditu: zientzia, artea eta argiaren efektuak. Haurrek argiaren, koloreen eta itzalen bidez esploratzen dute, jolasean eta harriduran oinarrituta.
Argia gure egunerokoan etengabe presente dagoen elementua da: eguzkiaren argia, kandelaren beroa edo mugikor baten pantailaren distira. Horietako bakoitzak edertasun propioa eskaintzen digu eta, haurrek, oharkabean bada ere, horiekin jolastuz ikasten dute. Itzal bat izan daiteke abiapuntua, ispilu baten isla, edo CD batean sortzen den ostadarra. Hortik aurrera, edozein material, aurkezpen edo proposamen bihurtzen da baliagarri.
Haurrek, jolas horretan murgilduta, jakintza zientifiko baten oinarriak eraikitzen dituzte, ikertzaile txiki bihurtuz. Eta hazi ahala, fenomeno horiek izendatzeko garaia iristen denean, munduaren funtzionamendua errazago ulertzen dute, abstrakzio hutsez ikasi beharrik izan gabe.
Zergatik lantzen dugu EKINTZA Ikastolan?
Argiaren pedagogiak aukera ugari eskaintzen ditu gure ikasleen garapenerako:
Esperientzia sentsorialak aberasten ditu, haurrek ikusten, ukitzen eta sentitzen ikasiz.
Sormena eta imajinazioa pizten ditu, itzal-antzerkien, kolore-jokoen eta irudi berrien bidez.
Jakin-mina eta galderak sustatzen ditu: “Zergatik sortzen da itzala?”, “Nola aldatzen da kolorea?”
Autonomia bultzatzen du, haurrek beraiek aukeratzen baitute nola esploratu.
Diziplinarteko begirada eskaintzen du, artea, zientzia eta emozioak modu integralean uztartuz.
Euskal Hezkuntza Kurrikuluarekin bat
Argiaren pedagogia bat dator gure hezkuntza-ereduarekin, eta Euskal Hezkuntza Kurrikuluaren hainbat helburu lantzen laguntzen du:
Hizkuntza eta komunikazioa: haurrek ikusten dutena kontatu eta partekatzen dute.
Zientziarako lehen urratsak: argiaren eta itzalen fenomenoak esperimentatuz.
Arte eta sormena: koloreen eta argiaren bidez adierazpen berriak sortuz.
Garapen emozionala: argiak eta koloreek sentimenduak pizten dituzte.
Autonomia eta protagonismoa: haurra bere ikaskuntza-prozesuaren erdigunean kokatuz.
Nola lantzen dugu egunerokoan?
EKINTZA Ikastolan argiarekin jolastea gure egunerokoaren parte da:
Itzal-antzerkiak eginez, euskal ipuin eta pertsonaiak biziaraziz.
Argi-txokoak sortuz, linternak, ispiluak, kolore-filtroak eta argi-mahaiak erabiliz.
Naturako elementuak argiaren bidez behatuz, urtaroen aldaketak aztertuz.
Arte-jarduerak proposatuz, argiak sortzen dituen irudietatik marrazkiak edo istorioak sortzeko.
Argi-iturri horiek —argia-mahaiak, erretroproiektoreak, fokuak— haurren arreta bideratzeko eta jarduerak babesteko euskarri bihurtzen dira. Jolasa eta arrazonamendua garatzeko espazioak sortzen dituzte, mugak ongi zehaztuz.
Beraz, argiarekin jolastea ekintza zientifiko, ludiko, sortzaile eta artistiko bilakatzen da. Haurrek esplorazio estetiko eta esperimentazioaren bidez, ikaskuntza aberats eta integrala eraikitzen dute.
EKINTZA Ikastolan argiak ez du soilik gela argitzen: haurren jakintza, sormena eta emozioak pizten ditu. Argiaren pedagogiaren bidez, gure ikasleek mundua beste modu batean ikusten dute, eta, bide horretan, beren barneko argia ere pizten da.