“Teknologiak ikaskuntzaren zerbitzura egon behar du, eta ez alderantziz”

2026/06/18

Azken hilabeteetan areagotu egin da hezkuntzan pantailak erabiltzeari buruzko eztabaida. Haurrei eta nerabeei gero eta ingurune digitalagoan nola lagundu hizpide dute egunotan familiek, irakasleek eta adituek. EKINTZA Ikastolan ere hausnarketa hori barnetik egin da, teknologiak hezkuntza-etapa bakoitzean betetzen duen papera aztertuz eta erabilera pedagogiko, progresibo eta segurua bermatzeko neurri zehatzak hartuz. Uxue Arrazola ikastolako zuzendariarekin hitz egin dugu prozesu honen ondorioak ezagutzeko.
 

“Teknologiak ikaskuntzaren zerbitzura egon behar du, eta ez alderantziz”

Azken hilabeteetan eztabaida bizia sortu da hezkuntzan pantailak erabiltzeari buruz. Nola ari da lantzen EKINTZA Ikastola gogoeta hori?

Gai horrek ere kezkatzen gaitu. Izan ere, denbora daramagu horren inguruan hausnartzen ikastolaren barruan. Ikasturte-hasieran, gure metodologia-taldeak analisi partekatua egin du hezkuntza-etapa guztiekin, indarguneak, ahuleziak eta kezkak identifikatzeko. Digitalizazioa izan da gogoeta horietan behin eta berriz agertu den alderdietako bat, eta, horregatik, sakon aztertzea erabaki dugu, ikuspegi pedagogikotik oinarritutako erabakiak hartzeko.

 

Ikastolak egindako azterketaren ondoren, zein da teknologiak ikaskuntzan duen zereginari buruz atera duzuen ondorio nagusia?

Gure ikasleen konpetentzia digitala bermatu behar dugu. Ingurune digitalean kudeatzeko, edukiak sortzeko, arazoak ebazteko eta modu seguruan aritzeko prestatu behar ditugu. Teknologiaren alderdi negatiboak oso presente ditugun arren, ezin dugu ahaztu gure ikasleak konpetente egiteko eta gizartean trebetasunez ibiltzeko teknologia beharrezkoa izango dutela. Baina  teknologiak ikaskuntzaren zerbitzura egon behar du, eta ez alderantziz. Kontua ez da pantailak erabiltzea horiek erabiltzeagatik, baizik eta hezkuntza-prozesuari benetako balio erantsia ematen diotenean. Egiaztatu dugu balio hori eta teknologia erabiltzeko modua aldatu egiten direla ikasleen adinaren eta une ebolutiboaren arabera; beraz, beharrezkoa da ibilbide progresibo eta koherente bat planteatzea.

 

Nola gauzatzen da ibilbide hori praktikan, eta zer aldaketa egin dituzue?

Haur Hezkuntzan pantailek ez dute presentziarik. Lehen Hezkuntzako 4. mailara arte, erabilera oso puntuala da. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera erabilera handitu egiten da, betiere hezkuntza-helburu argiarekin. DBHn protagonismo handiagoa hartzen dute ikasteko, ikertzeko eta proiektuak garatzeko tresna gisa, eta Batxilergoan, berriz, ikasgelan eta etxean erabilera murriztu egiten da metodologia aktiboen presentzia txikitu egiten delako.

Ikasleak heldu ahala, teknologia gaitasun digitalak garatzeko, autonomia sustatzeko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko tresna gisa erabiltzen da.

Konpetentzia digitala pixkanaka, arduraz eta hezkuntza-etapa bakoitzera egokituta garatzea da gure helburua.

 

Teknologia benetako balio erantsia ematen duenean erabili behar dela aipatzen duzu. Zer irizpideri jarraitzen diozue jarduera bat tresna digitalekin noiz egin behar den eta noiz ez erabakitzeko?

Bereziki baloratzen dugu tresna digitalak ikasleen konpetentzia digitala garatzen laguntzen duen, haien autonomia errazten duen, eduki jakin batzuk ulertzen laguntzen duen edo pentsamendu kritikoa indartzen duen. Balio erantsi hori ez dagoenean, uste dugu beste metodologia edo baliabide batzuk egokiagoak izan daitezkeela. Batxilergoan, adibidez, irakasleen azalpenetan oinarritutako ikasgaiak nagusitzen dira, beraz, teknologiaren presentzia asko gutxitzen da eta liburu fisikoek hartzen dute presentzia handiagoa.

 

Tresnak eskola-ordutegitik kanpo erabiltzeari buruz ere hausnartu duzue.

Gure ustez, pantailei buruzko hausnarketa ezin da ikasgelan gertatzen denera bakarrik mugatu. Jakina, etxerako proposatzen ditugun zereginek ere eragina dute gailuekiko esposizio-denboran. Horregatik ondorioztatu dugu beharrezkoa dela jarduera digital esanguratsuak diseinatzea eta hezkuntza-balio argia ematen dutenean soilik planteatzea.

 

Hartutako neurrien artean, ordenagailuak hezkuntza-etapa jakin batzuetan ikastolan egotea erabaki duzue. Zergatik?

Hala da. Horregatik, Lehen Hezkuntzako 5. mailan eramangarriak ikastolarenak izango dira eta ikastetxean egongo dira. Une jakinetan eta zeregin zehatzetarako bakarrik eramango dira etxera. Lehen Hezkuntzako 6. mailan jada ikasleen jabetzakoak  dira gailuak, baina ikastolan gordeko dira. DBHko 1. mailara arte ez dira etxera erregulartasunez eramaten hasiko.

Neurri horri esker, bermatu ahal izango dugu teknologiaren erabilerak hezkuntza-helburu zehatzei erantzuten diela eta ikasleek pixkanaka beren adinarekin bat datozen lan-ohiturak eta autonomia digitala hartzen dituztela.


Alderdi pedagogikoez gain, kontrol- eta babes-sistemak ezarri dituzue gailuetan. Zer neurri zehatz jarri dituzue martxan?

Segurtasun digitala ere sakon aztertu dugu. Gaur egun, ikasleentzat ingurune digital segurua sortzen laguntzen duten hainbat tresna ditugu. Eduki-iragazki orokor bat dugu, eta Intunes programa erabiltzen dugu, aplikazioak instalatzea eta ekipoen konfigurazioak aldatzea eragozten duena. Gainera, Lazarus dugu, nabigazioa gai, orrialde edo domeinu jakin batzuetara mugatzeko aukera ematen duen tresna.
Irakasleek oso positibotzat jotzen dituzte neurri horiek, teknologia adin bakoitzerako esparru seguru eta egoki baten barruan erabiltzen laguntzen dutelako.

 

Pantailei buruz eztabaidatzen den bitartean, Adimen Artifiziala indar handiz azaleratzen da. Nola ari zarete prestatzen hezkuntza-errealitate berri hori integratzeko?

Adimen artifizialari buruzko hausnarketa-prozesu espezifiko bat hasi dugu. Horretarako, inkesta bat egin diegu irakasle guztiei, egoeraren lehen argazkia ateratzeko. Hortik abiatuta, datorren ikasturtean zehar garatuko den prestakuntza antolatu dugu Elhuyarrekin batera, tresna horiek hobeto ezagutzeko, hezkuntza-aukerak aztertzeko eta gaur egun zein etorkizunean planteatzen dituzten erronkei buruz hausnartzeko.

 

Zer mezu helarazi nahi diezue ikastolatik haur eta nerabeen bizitzan teknologiak gero eta protagonismo handiagoa duela kezkaz ikusten duten familiei?

Zorionez, gaur egun duela 10 urte baina datu eta ebidentzia gehiago ditugu teknologiak gure garunean eta bizitzan duen eragina aztertzeko. Honek erabakiak hartzen laguntzen gaitu. Bestalde, ikasleen konpetentzia digitala  ere argi definitua dugu. Beraz guzti honekin gure helburua ikasleek mundu digital batean moldatzeko beharrezkoak diren gaitasunak eskuratzea da, baina betiere haien garapen ebolutiboa errespetatuz, teknologiaren erabilera arduratsua sustatuz eta haien ikaskuntza integralari hobekien laguntzen dioten metodologiak lehenetsiz.