2025/02/06
Astelehen goiz batean, Haur-Hezkuntzako bigarren mailako haurrek haien asteburuko egunei buruzko istorioak partekatzen zituzten bitartean, Lucasek eskua altxatu zuen gogo biziz. "Aitonak sagarrondo bat dauka bere baratzean, eta atzo hazi hauek eman zizkidan landatzeko", esan zuen, sagar hazi txiki batzuk erakutsiz. Bere proposamenak beste ikasleen artean jakin-mina piztu zuen, eta berehala hasi ziren beren fruitu gustukoenei buruz hitz egiten. Horrela, eskolan baratza txiki bat izatea nolakoa izango litzatekeen irudikatzen hasi ginen.
Pasadizo bat bezala hasi zena laster bihurtu zen ikasgela osoa batu zuen proiektu: ikastolan baratza bat sortzea. Irakasleen, familien eta ikasle guztien laguntzarekin, haurrak abentura batean murgildu ziren, taldean lan egiten eta natura zaintzen ikasteko. Gu, Batxilergoko ikasleak, kuxkux ibili gara, eta haien lanaren inguruan gehiago jakiteko beta izan dugu.
Baratza proiektua hainbat pausotan gauzatu dugu. Hasteko, txikiek beraien ezagutzak frogatu zituzten gelan, irakasleen galderak erantzunez. Honela, ikasleak haziak sailkatzen ikasiz eta bakoitzaren inguruan informazio praktikoa jasoz joan ziren. Hazien itxura eta tamaina desberdinak konparatu zituzten, eta bakoitza nondik datorren ikasi zuten: batzuk fruituetatik, beste batzuk landareetatik…
“Eta haziak etxetik ekartzen badituzue?”, esan zieten irakasleek txikiei. Esan eta egin. Batzuk fruituen haziak ekarri zituzten, eta beste batzuk, aldiz, txia edo piparenak.
Dena den, haziak aztertu eta sailkatu ostean, landatzeko aproposak ez zirela jabetu ginen! Beraz, irteera bat egin genuen Bretxako azokara, eta bide batez, auzoa ezagutzeko aukera izan genuen, tokiko merkataritzara hurbilduz. Ene! Zenbat hazi desberdin! Ikasitakoarekin, haurrak haziak aztertzeko gai izan ziren, tamaina, jatorria eta ezaugarriak alderatuz. Gainera, hango saltzaileak informazio berri pila eman zien gure ikasleei, eta gure baratzan landatzeko aholkuak eskaini ere!
Behin haziak genituela, Ikastolara itzuli eta gure proiektu irrikatsua martxan jarri genuen. Bada…nola?
Baratza bi zatitan antolatu genuen. Batetik, jolastokiko loreontzietan zenbait hazi landatu genituen, horrela errazagoa izan da txikientzat ulertzea hazi batetik ateratzen direla kalean ikusten dituzten landareak. Bestetik, gelan beste hazi batzuk ere landatu ditugu, baina kasu honetan plastikozko zorroetan, horrela haztearen prozesu osoa beren begiez ikus dezakete. Egunero ura botaz eta argia jasoz zurtoinak hazten joaten direla ikasi dute gure txikiek.
Zein ondo zaintzen dituzten landareak, eta zer nolako esperientzia aberasgarria! Baratza honek natura munduaren inguruko ikaskuntzaz gain, bestelako onurak ere baditu haurrentzat: landareekiko erantzukizuna garatzearekin batera, haien gauzez arduratzen ikasten dute, eta halaber, ingurumenarekiko kontzientzia handiagoa hartzeko parada izan dute.
Haurrek egindako lan guztia ikusita, argi dago baratza bat baino askoz gehiago sortu dutela, eta haien begietatik ikustea benetan inspiratzailea izan da guretzat!!