“Ezin da minik hartu, ezin da minik eman”: elkar zaintzan hezten

2025/11/25

Ikastolan maiz entzuten dugun esaldia da: “Ezin da minik hartu, eta ezin da minik eman.” Ez da esaldi hutsa, gure hezkuntza-komunitatearen oinarri etikoa da. Izan ere, gure helburua da haurrei eta gazteei erakustea zaintzak, errespetuak eta enpatiak bidea egiten dutela elkarbizitzarako.

“Ezin da minik hartu, ezin da minik eman”: elkar zaintzan hezten

“Ezin da minik hartu” esatean, gure burua zaintzeaz ari gara. Horrek esan nahi du haurrek txikitatik ikasi behar dutela euren gorputzari, emozioei eta mugari entzuten. Min fisikoaz gain, min emozionala ere existitzen da: irain batek, bazterketa batek edo isiltasun luze batek eragin dezakeena.

Autoestimua, asertibitatea eta sentimenduen kudeaketa lantzen ditugu ikastolan. Haurrak bere burua ezagutzen duenean eta bere emozioak adierazten dituenean, ez da ahul bihurtzen, guztiz kontrakoa, indartsu eta seguru bilakatzen da. Eta segurtasun horretatik sortzen da benetako errespetua.

“Ezin da minik eman” esatean, enpatiara gonbidatzen dugu haurra. Ikasten du bere hitzek, keinuek edo jokabideek eragina dutela besteengan. Ez dugu portaerak zigortu nahi, baizik eta ulertu zerk eragiten dituen eta zer sentimendu dauden atzean. Haurrek ulertzen dutenean besteak ere sentitzen duela, bizikidetza osasuntsua eraikitzen hasten dira.

KiVa programa: babesa eta prebentzioa

Horretan laguntzen digu KiVa programak, gure ikastolan txertatuta dagoen bullying-aren aurkako ekimen integralak. KiVa-k helburu bikoitza du: alde batetik, prebentzioa, ikasleei egoerak identifikatzen eta babesten erakutsiz; eta bestetik, esku-hartze arduratsua, min-emate edo jasate egoeren aurrean laguntza sistematikoa eskainiz.

KiVa, protokolo batetik harago, jarrera bat da. Gure komunitate osoak partekatzen duen mezua: “Inork ez du minik merezi, eta denok gara laguntzeko gai.” Haurrek ulertzen dutenean ez direla bakarrik, segurtasun handiagoz jokatzen dute eta babes-sare emozionala osatzen dute.

Horrez gain, zaintza eta errespetua balio sozial eta etikoak dira. Horregatik dugu Hezkidetza Batzordea, ikastolan eguneroko bizitzan berdintasuna, justizia eta aniztasunaren errespetua sustatzeko espazioa. Batzorde honek hezkuntza-jarduerak, tailerrak eta dinamika pedagogikoak sustatzen ditu, haurrek eta gazteek genero-ikuspegia eta bizikidetza arduratsua barnera ditzaten.

“Ezin da minik hartu, ezin da minik eman” esaldia, finean, hezkidetzaren printzipioetan oinarritzen da: zaintza, enpatia, berdintasuna eta erantzukizuna.

 

Familien rola: zaintza etxetik hasten da

Etxean, gurasoek paper garrantzitsua dute. Eguneroko elkarrizketak, adibideak eta jolas txikiek balio handia dute haurrek ikasteko nola tratatu besteak eta nola zaindu euren burua.

Hona hemen gurasoentzako gako batzuk:
- Entzun eta errespetatu: haurrek min hartu dutenean, ez epaitu. Entzun, lagundu eta konfiantza eskaini.
- Izan eredua: haurrek ikusten dutena ikasten dute. Errespetua eta elkartasuna praktikatzea da haientzako irakaspenik eraginkorrena.
- Hitza eman: gatazkak badaude, hitz eginez konpontzen erakutsi.
- Ohartu keinu txikiez: batzuetan min ematen da txantxa batean edo isiltasun batean. Momentu horiek dira hezteko aukerarik baliotsuenak.

 

Kontzientzia txikitatik lantzea

Haurrei txikitatik irakasten badiegu norberaren eta besteen mina antzematen eta kudeatzen, nortasun sanoagoa eta handiagoa izango dute. Ez dugu alderdi akademikoan ondo moldatzen diren haurrak bakarrik hezi nahi, bizitzan ondo moldatzen direnak behar ditugu eta, hots, beren burua eta besteak zaintzen dakitena.

“Ezin da minik hartu eta ezin da minik eman” leloa bizitzeko modu bat da EKINTZA Ikastolan, norberaren zaintzatik elkar zaintzera doan bidea.

Zaintzan, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako hezkuntza ez da helburu bat; bidea bera da. Eta bide horretan, KiVa programa, Hezkidetza Batzordea eta familien parte-hartzea dira gure tresnarik indartsuenak. Gaur, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna den honetan, gogora dezagun gure leloa. Gaur eta beti.