Lehen urratsetatik zaletasunera: Irakurketan barrena murgiltzen EKINTZA Ikastolan

2026/01/29

Irakurtzea ez da soilik ikasteko tresna, bizitzarako oinarrizko gaitasuna da. Irakurtzen duen haurra mundura irekitzen da: irudimena pizten zaio, hiztegia aberasten du, pentsamendu kritikoa garatzen du eta besteekin komunikatzeko gaitasuna sendotzen du. Baina, zer dago irakurketaren oinarrian? Eta nola lantzen dugu EKINTZA Ikastolan?

Lehen urratsetatik zaletasunera: Irakurketan barrena murgiltzen EKINTZA Ikastolan

Gure seme-alabak irakurtzen ikasteko bidean hasten direnean, askotan pentsatzen dugu lehen urratsa letrak ezagutzea dela, baina irakurketaren oinarria askoz lehenago hasten da, hizkuntzaren soinuen munduan. Irakurketaren oinarrian kontzientzia fonologikoa dago, hau da, hizkuntzaren soinuak entzuteko, bereizteko eta ulertzeko gaitasuna.

Soinuen munduan murgiltzen den haurra prest dago irakurketaren magia ulertzeko. Hitzak entzun, ahoz landu eta azkenean begiz irakurri ahal izateko.

 

Zer egiten dugu, bada, HHn, irakurketan lehen urratsak emateko?

Jolasaren bidez abiatzen gara, hainbat jarduerekin:

 

Soinu-zaparrada

Irakasleak hitz bat esaten du, adibidez mutil. Hasierako soinua /m/ bada, haurrek salto egin behar dute; ez bada, geldirik geratu behar dute. Horrela, haurrek adi entzuten dute eta soinuen arabera erantzuten ikasten dute.

Silaba-txaloak

Hitza entzuten dute eta silaba bakoitzeko txalo bat ematen dute: ama → bi txalo. eskolako → lau txalo. Honekin, erritmoa barneratzen dute eta hitzen egitura hobeto ulertzen dute.

Errima-dantza

Musika jarrita, haurrak dantzan hasten dira, irakasleak hitz pareak esatean: txakur–zakur, errimatzen dutenez, dantzan jarraitzen dute, baina txakur–makil esango balu, eta ez duenez errimatzen, gelditu egin beharko lirateke. Dantzak eta erritmoak hizkuntzaren musikaltasuna bizitzen laguntzen dute.

Soinuaren bila

Irakasleak ikasleei soinu bat adierazten die, adibidez: “Bilatu /s/ soinua duten objektuak”. Orduan, ikasleek, sagarra, soka, sudurra, aurkitzen dituzte dauden espazioan.

Soinu-estatua

Irakasleak soinua esaten du, eta haurrek mugimendu jakin bat egiten dute: /a/ entzutean besoak gora, /e/ entzutean belaunak makurtu, /i/ entzutean salto bat. Gorputza entzumenaren laguntzaile bihurtzen da.

Eta zergatik da hain garrantzitsua horrela lantzea? Kontzientzia fonologikoa ondo garatzen duten haurrek arinago identifikatzen dituztelako hitzak eta errimak eta errazago ikasten dutelako irakurtzen eta idazten.

 

Eta Lehen Hezkuntzara iritsitakoan, zer?

Kontuan izanda irakurketa ibilbide motibatzaile eta bizia dela, haurren irakurzaletasuna piztea eta lantzea da gure helburu nagusietako bat. Ulermena, hizkuntza gaitasuna eta pentsamendu kritikoa garatzea bilatzen dugu.

Lehen Zikloa: Irakurtzeko interesa pizten da.

Jakin-mina pizteko, giro lasaia eta erakargarria sortzen dugu, ikastolako liburutegian saioak eginez, banakako eta taldeko irakurketak antolatuz edota liburu trukearen bitartez

Bigarren Zikloa: Irakurtzeko ohitura sendotzen da.

Irakurtzeko ohitura sendotzearekin batera, ulermen gaitasuna lantzen jarraitzea dugu xede. Horretarako, hiztegia aberasten da eta genero literario ezberdinak ezagutzen dira askotariko jardueren bitartez, hala nola, komiki edota ipuin luzeak ikasleei gerturatuz, testuen interpretazioa eta ahozko espresioa lantzeko antzerkia eta role-playing-ak baliatuz eta idazle gonbidatuekin saioak partekatuz.

Hirugarren Zikloa: Irakurketa tresna gisa sendotzea dugu helburu.

Ziklo honetan irakurketa ikaskuntzarako tresna indartsu bihurtzen da. Irakurketa mekanika, jariotasuna, ulermen sakona eta pentsamendu kritikoa lantzen dira ikasgai guztietan. Nola? Besteen artean, ikasleen gustuak kontuan hartuz liburu aukeraketa egiten, literatura eztabaidak sustatuz eta formatu eguneratuei erreparatzen dieten proiektu literarioak landuz, book trailer-ak esaterako.

 

Irakurketaren zutabeak finkatu ondoren,  irakurzaletasuna sustatzen jarraitzen dugu DBH eta Batxilergoan, irakurketa aisialdian gozatzeko jarduera bihur dadin. Finean, gure ikasleek irakurketa maita dezaten.

Beraz, EKINTZA Ikastolan irakurketan murgiltzeko bidaian ibilbide progresibo eta motibatzailea eskaintzen dugu, garapen maila bakoitzera egokitua. Azken batean, irakurketa, bai euskaraz bai gaztelaniaz, gure ikasleentzat esperientzia bizia da, ikaskuntza prozesuaren oinarri eta kultur transmisiorako funtsezko tresna.