Malkoen bidaia: Hazten eta sentitzen ikasteko negarraren beharra

2026/01/08

Guraso askorentzat, haurraren negarra lehen misterioa da. Haurra jaio bezain pronto hasten da negar egiten, eta une horretan, munduak arnasa hartzen du berarekin batera. Negar hura bizirik dagoenaren lehen seinalea da, arnasa hartu eta bere ahots txikia lehen aldiz entzunarazi duena, baina denborak aurrera egin ahala, negarrak bestelako esanahia hartzen du, eta askotan, helduok ez dugu beti ondo ulertzen zer dagoen atzean.

Malkoen bidaia: Hazten eta sentitzen ikasteko negarraren beharra

Ikastolako kideok bai familiok gure haurren negarraren lekuko izaten gara sarri, baita orain ere, oporraldiaren ostean, ikastolara itzuli behar dutenean.

Eta nahiz eta askotan pentsatzen dugun haurra negarrez hasten denean mina sentitzen duela edota ondoezik dagoela, hots, gose, nekatuta, edo zaurituta dagoela, egia da negarra ez dela beti minaren adierazle. Egun hauetan argi ikusten dugu. Negarra emozioek irteera naturala aurkitzen duten unea da. Txikiek oraindik ez dakite hitzez esaten: “Nazkatuta nago”, “triste nago”, edo “zure arreta behar dut”. Horren ordez, negar egiten dute. Horrek ez du zertan negatiboa izan behar. Izan ere, negarra hustuketa modukoa da, barneko tentsioa arintzeko bidea. Askotan, negar baten ostean haurra lasaiago sentitzen da, eta berriro jolasteko edo barre egiteko prest dago.

 

Negarra hazkuntzaren parte da

Helduok sarritan negar hori isilarazten saiatzen gara: “Ez egin negar!”, “Ez da ezer gertatzen!”, baina haurrari negar egiteari uzteko eskatzean, bere emozioei uko eginarazten diegu. Izan ere, negar egitea hazten ikasteko eta sentitzen ikasteko prozesuaren parte da. Haurrak negar egin dezake frustrazioagatik, ez duelako zerbait lortu; edo desilusioagatik, lagun batek ez duelako partekatu. Une horiek guztiak beharrezkoak dira emozioak identifikatzen eta kudeatzen ikasteko.

Negarra ez da konpondu behar den zerbait, negarra entzun egin behar da. Hala lantzen dugu EKINTZA Ikastolan, haurrak konfiantzazko ingurunean lagunduz, haien alboan egonda eta behar dutenean goxatuz.

Eta etxean, zer? Gurasoen besarkada, begirada lasaia eta “Badakit zaila dela, hemen nago zurekin” bezalako esaldi sinple batek mundu bat esan dezake. Ez da beharrezkoa arazoa berehala konpontzea; askotan, haurrak entzuna eta ulertua sentitzea besterik ez du behar. Negarra ez baita ahultasunaren seinale. Negar egitea arnasa hartzea bezain naturala da.

Helduok ere askotan egiten dugu negar, ez al da hala? eta ondo sentitzen gara ondoren. Hori adierazi behar diegu, beraz, gure txikiei. “Negar egin, lasaitu, eta berriro mundura ireki”.

Haurraren ibilbidearen zati bat izanik, bide horretan, guraso nahiz hezitzaileen maitasunak eta pazientziak berebiziko bilakatzen dira. Hortaz, utz diezaiogun haurrari negar egiten, baina batez ere, utzi negar hori entzuten. Hor baitago haurraren benetako ahotsa, bere emozioen mapa.