2025/10/31
Haur Hezkuntzan egunero ikusten dugu: haurrek gauzak beren kabuz egiteko gogoa dutela. Hori da hazkuntzaren oinarrietako bat. Autonomia ez da bakarrik janzten ikastea edo janaria bakarrik jatea. Autonomia norberaren gaitasunetan konfiantza hartzea da, erabaki txikiak hartzea, eta akatsak egiteko aukera izatea. Askotan, helduok —intentzio onarekin— gehiegi laguntzen diegu. Azkar janzteko, ez zikintzeko edo frustraziorik ez sentitzeko, baina, egia esan, askotan horrek haurra mugatzen du.
“Utzi egiten!” da haurraren garapen autonomorako esaldi nagusietako bat. Haurrak bere esperientzien bidez ikasten du; eta helduaren egitekoa ingurua segurua eta egokia bermatzea da, baina ez bere lekuan jardutea. Bere esfortzuaren ondorioz zerbait lortzen duenean, barrutik sortzen zaio harrotasuna eta motibazioa.
Ikastolan, Haur Hezkuntzan, beste fenomeno eder bat ere ikusten dugu: haurren arteko laguntza naturala. Txikitatik, haurrek elkarri laguntzeko sen berezkoa dute: norbaitek malko bat isurtzen duenean, beste batek musu ematen dio; norbait ez bada iristen, beste batek eskua luzatzen dio. Ez dira nagusi baten aginduz egiten diren ekintzak: barrutik ateratzen zaien portaerak dira. Hor dago boluntariotzaren eta elkartasunaren hazi garbiena.
EKINTZA Ikastolan, haur bakoitzari bere adinari eta garapen-une pertsonalari egokitutako askatasuna eta erantzukizuna eskaintzen dizkiogu. Ez dugu autonomia “dena bere kabuz egitea” bezala ulertzen, baizik eta pixkanaka autonomia handiagoa hartzen joatea, helduaren laguntza eta orientazioa poliki-poliki arintzen joanez. Horretarako, esku-hartze mailakatuak erabiltzen ditugu: hasieran laguntza gehiago, gero jarraipen arina, eta azkenean, behatze hutsa. Helburua da haurra bere gaitasunen jabe bihurtzea, bere erritmoa eta segurtasuna errespetatuz.
Horrez gain, elkarlanaren bidezko autonomia ere sustatzen dugu. Autonomoa izatea ez da bakarrik moldatzea, baizik eta komunitatearen parte sentitzea eta besteei laguntzen jakitea. Horregatik, eguneroko jardueretan haurrek taldean antolatzeko, elkarri aholku emateko edo materialak partekatzeko aukerak dituzte. Horrela, “ni bakarrik” esaldiaren ordez, “gu elkarrekin” bihurtzen da haurren garapenaren oinarri.
Baina, zer gertatzen da gero? Gizarte azkar honetan, non lehia eta norbanakotasuna saritzen diren, balio hori —laguntza eta elkartasun naturala— ez al da pixkanaka galtzen ari? Sarritan, haurrek jasotzen duten mezua da bakoitzak berea zaindu behar duela, norbera arduratu behar dela bere arrakastaz. Eta, horrela, boluntariotza, altruismoa eta laguntzaren poza bigarren mailara igarotzen dira.
Hezkuntzaren erronka hori ez galtzea da gure ustez. Nola? Hezkuntzako eguneroko jardunetan dago gakoa: jolasean, proiektuetan, eguneroko bizitzako ekintzetan… Helduok begiratu eta entzun egin behar dugu, baina ez gehiegi esku hartu. Haurrek erakusten digute gauza txikien bidez elkartasuna eta autonomia eskutik doazela eta balio hori da etorkizuneko gizarte hobe baten oinarri.