Bagoaz! mendizale taldeak Erniora irteera antolatu du iganderako (azaroak 19)

EKINTZA Ikastolako Guraso Elkarteak bultzatutako Bagoaz! mendizale taldeak Erniora irteera antolatu du igande honetarako (azaroak 19). Familian egiteko mendibuelta ederra izango da eta partehartzaileak ikastolako ikasle eta gurasoak animatu nahi ditu txangoan gozatzera. 

Iturriotz baserritik hasiko dute ibilbidea eta Zelatuneko belardietara igoko dira. Handik Ernioko mendigailurrerantz abiatuko dira Gipuzkoako kostaldeko menditik dauden ikuspegiekin egun ederra pasatzeko.  

8 kilometroko ibilbidea

Bagoaz! taldeak kirola, familia, euskara, natura, lurraldea, ingurumena, lagunartea… bultzatzea ditu helburu eta baita inguruan ditugun paraje ederrekin gozatzeko primerako goiza pasatzeko aukera eskaintzea ere. 

Aurreko irteera bertan behera utzi behar izan zuten euriagatik eta iganderako ona iragarrita dagoela aprobetxatuz txango berria antolatzea erabaki dute Bagoaz! taldeko kideek. Hala, 8 kilometroko ibilbidea egingo dute, 3,5 ordu inguruko txangoa. 

Parte hartu nahi dutenek 10:00etan egon beharko dute Iturriotz baserriko aparkalekuan eta bakoitza bere kabuz bertaratu beharko da ondoko tokira:
https://maps.app.goo.gl/MEXWTqefrzoAnitQ9

6 urtetik gorakoentzat eta eraman beharreko materiala

Hitzordura eraman beharreko materiala ere zehaztu dute: mendiko botak, banakako motxila, kantinplora, txapela eta hamaiketakoa. Irteeran 6 urtetik gorako haurrek dute parte hartzeko aukera eta ume txikiek Zelatuneko bordetan itxaron dezakete taldea gailurrera igo eta jaisten den bitartean. 

Familian egiten den jarduera bat denez eta begiralerik ez dagoenez, 14 urtetik beherako haur bakoitza heldu batek lagundu beharko duela ohartarazi dute antolatzaileek. 

Aurrez izena emateko ere eskatu dute ondoko helbidera idatziz: gurasoak@ekintza.eus