Haur Hezkuntzaren oinarriak: haurra, bere aprendizaiaren protagonista
Eskolako lehenengo urteek berebiziko garrantzia daukate haurraren garapen prozesuan. EKINTZA Ikastolan, haur bakoitza bakarra eta errepikaezina dela ulertzen dugu, eta bakoitzaren erritmoa errespetatzeko konpromisoa hartzen dugu, heldutasunerako eta ikaskuntzarako bidelagun gaituzten bitartean.
Eta nola laguntzen diegu bidean? Banakako desberdintasunak izan arren, haur guztiek ezaugarri komun batzuk partekatzen dituzte. Guretzako haur bakoitza sendoa, gaitua, autonomoa, baliozkoa eta premia eta gaitasun paregabeak dituen izaki oso gisa onartua izatea merezi duena da. Horrela hezten ditugu EKINTZA Ikastolan.
Haur Hezkuntzako lehen urteetan haurrak bidaia garrantzitsu bati ekiten dio, heldutasun-bidea deitzen dioguna, ekitearen plazeretik pentsatzearen plazerera doan etapa.
Eta hori zer da? Ba azken batean, haurrak ingurune fisikoarekin, naturalarekin eta, batez ere, gizartearekin dituen harreman eta interakzioaren harira eraikitzen duela bere nortasuna eta aprendizaia, eta hortaz, haurra bera dela bere aprendizaiaren protagonista. Bai, inguratzen duten munduaz jabetzen hasten dira lehenik, bizitzan murgiltzen, eta horren bitartez hasiko dira bestelako kontuak ikasten.
Umearen ongizatea erdigunean
Bidaia zirraragarri honetan bidelagun garen heinean, EKINTZA Ikastolan garatzen dugun hezkuntza praktikak umearen ongizate fisiko, afektiboa eta emozionala dauka lehen oinarritzat, esperientziak esaten baitigu emozionalki ziur eta lasai sentitzen den haurra, mundura eta ikasketetara zabalik dagoela. Gainera, nola ez, haurren interesak eta kezkak lehentasuna dira gure irakaskuntza eta aprendizaia prozesuan. Umeak entzun eta errespetatzen ditugu komunikazioa sustatuz, izan ere, txikiak dira, baina, lehen esan dugun moduan, izaki osoak, eta helduok bezala besteok entzutea nahi eta behar dute!
Eta honekin batera, haurraren garapenarengan konfiantza osoa adierazten dugu, adin goiztiarretan lantzeko gakoetako bat, zalantzarik gabe! bai haurrak bere buruarengan konfiantza izan dezan, bai besteengan eta inguruarekiko konfiantza garatu eta bere ahalmenak deskubritu eta garatzeko prest egon dadin.
Aprendizaia abentura itzela da ume ororentzat. Konturatuko zineten gurasook etapa honetan, zuen esploratzaile txikiek beren gorputza erabiltzen dutela mundua arakatzeko eta esperientziak jasotzeko abiapuntu gisa. Eta ikerketa eta esperimentazioa garapenerako eta ikasteko prozesuaren ardatza izanik, jolas askea eta proiektu anitzak beren gaitasun guztiak hedatzeko tresna indartsuak direla badakigu. Haur bakoitza, bakarra, izaki osoa, bere erritmora eta beharrei erantzunez doa murgiltzen errealitate berri honetan.
Ikastola eta familien arteko elkarlana
Eta bide honetan, gure irakasle-taldeak funtsezko zeregina betetzen du bitartekari, laguntzaile eta gidari gisa haur bakoitzaren ikaskuntza-prozesuan. Bidelagun, kopiloto eta ikerlari ere badira batzuetan, haurrak ongi ezagutzeko ibilbidea eraikitzen ibiltzen dira eta, bakoitzaren premiak eta gaitasunak, erritmoak eta prozesuak egokituz eta behar izan desberdinak asetze aldera hainbat testuinguru antolatuz.
Jakina, badakigu haurraren garapen orekaturako bidea ez dela soilik haur eta ikastolaren arteko kontua. Familiek zuon seme-alaben hezkuntza-prozesuaren ardatz eta arduradun nagusienak zarete. Horregatik, lankidetza eta komunikazio argi eta adostua sustatzen ditugu ikastolaren eta familien artean, gure txikiek esperientzia ahalik eta samurrena bizi dezaten haien garapenaren etapa erabakigarri honetan.
EKINTZA Ikastolan konpromisoa hartzen dugu ingurune seguru, eroso eta bizigarri bat eskaintzeko, non haur bakoitzak bere ahalmen guztia esploratu, aurkitu eta garatu ahal izango duen, gure irakasle-taldearen laguntza eta gidaritzarekin eta familien lankidetza aktiboarekin. Elkarrekin, etorkizun bikaina eraikiko dugu gure txikientzat.
Iruzkin berriak