“Udaberriko Lasterketari esker, lagunekin jarduera fisikoa praktikatu eta etorkizunerako ohitura osasuntsuak finkatzea ahalbidetu dien erronka positiboa bizitu dute ikasleek”
Pozik eta aurreikuspenak beteta itzuli ziren joan den igandean EKINTZA Ikastolako Batxilergoko 1. mailako ikasleak Udaberriko Lasterketak eskaini zien kirol erronka motibatzailean parte hartu ostean. Baita Gorputz Hezkuntzako irakasle Julen Egaña eta Irati Fernandez ere. Donostiako lasterketarako prestatu eta bertan aritu izana Gorputz Hezkuntza irakasgaia ebaluatzerakoan kontuan hartuko den lana da. Bigarren urtea da gure ikasleek hamar kilometroko proba honen erronkari heldu diotela, eta Egaña eta Fernandezek kontatu diguten moduan, esperientzia aberasgarria da, EKINTZA Ikastolatik gazteen artean errutina osasuntsuak sustatzearen aldeko apustuari erantzuten diona. Egitasmoaren nondik norakoak partekatu dizkigute bi irakasleek elkarrizketa honetan.
Nola sortu zen lasterketan parte hartzearen ideia?
Gure ikasleen artean jarduera fisikoa eta kirolarekiko atxikimendua zeharo jaisten zela ikusi genuen behin Batxilergoa hasita eta ondorengo urteetan. Hori dela eta, Batxilergoko plangintza egiterako garaian, bi helburu jarri genituen: asko ezagutzen ez zituzten jardueren bizipen berri eta positiboa eta praktikatzeko sinple eta errazak izan litezkeen jarduera osasuntsuetan trebatzea, batez ere aurretiko planifikazio edota material berezirik behar ez dituztenetan, ikasleen artean galdetzean, jarduera fisikoa eta kirola ez egitearen arrazoi nagusia denbora falta zela ohartu baikinen.
Eta korrika egitea helburu hauetara egokitzen da, antza.
Hala da, izan ere, ikasleen gehiengoak ez baitu sekula lasterketa bat osatu alde batetik, eta, behin trebatuta eta gustu hartuta, edozein momentuan atera baitaitezke kalera korrika egitera, zapatila batzuen beharra besterik izan gabe. Askotan, osasuna edo norberarekin ondo sentitzea ez dira argudio nahikoak izaten gazteak kirolera atxikitzeko, baina honi erronka bat lotzen badiogu eta lasterketa herrikoi batek dituen ezaugarri motibazionalak kontuan hartzen baditugu, hainbat helburu garrantzitsu lortzen ditugu batera: bizipen positibo bat izatea, lagunekin jarduera fisikoa praktikatzea eta etorkizunerako ohitura osasuntsuak lortzea.
Zein planteamendu egin zenieten ikasleei?
10 kilometroko lasterketa herrikoi batean parte hartzeko erronka bota genien, baina oso era berezian baloratuko genuela, bakoitzari arreta indibidual bat jarrita, plangintza berezi batekin eta helburu jakin eta adostu batzuekin. Hau da, helburua bada 10 kilometroak osatzea, baina kontziente gara ikasle guztien gaitasun maila ez dela berdina. Horregatik, prozesuaren hasieran test batzuk egin genituen haien egoera fisikoa ezagutzeko.
Nola garatu da prozesu guztia?
9 asteko entrenamendu plan berezi bat jarri genion bakoitzari, bere egoera fisikoaren arabera, non klaseko saioaz aparte, entrenatzen jarraitu behar zuten haien kabuz, bakoitzak bere plangintza jarraituta eta haien entrenamenduak monitorizatu eta erregistratzen. Horretarako, sakelekorako doakoa den STRAVA aplikazioa erabili dute, non sakelekoak berak duen GPSa erabiltzen duen neurketa desberdinak egiteko (denbora, distantzia, erritmoa, ibilbidea, etab). Era berean, entrenamendu horien guztien eguneroko bat egin behar zuten haien sentsazioak ez ezik, analisi bat eginez. Eguneroko hau da prozesuaren bukaeran entregatu beharko duten lana eta gehien baloratuko dena.
9 asteko entrenamendu plan berezi bat jarri genion bakoitzari, bere egoera fisikoaren arabera, helburu jakin eta adostu batzuekin
Eta hortik abiatuta, erronka bakoitza zehaztu zenuten.
Prozesuaren ia bukaeran, hasierako test berdinak egin genituen, prozesuan izan duten bilakaera hori neurtzeko. Ondoren, lasterketarako erronka ezarri genuen ikasle bakoitzarekin batera. Denetarik dago: batzuena 10 kilometroak denbora jakin batean osatzea, beste batzuena amaitzea eta beste batzuena, akaso, 8 kilometro egitea. Ezarri duten erronkaren betekizun maila baloratzen da, 9 aste horietan egin duten prozesuarekin batera; horrek dauka benetan balioa, azkartasunak baino gehiago. Hargatik, baliteke lasterketa bukatu ez baina bere erronka bete duen horrek, lasterketa amaitu duenak baino emaitza hobea izatea ebaluazioaren bukaeran. Gainera, kontuan izanda lasterketa igandez dela, kontziente gara ezin dugula ikaslegoa lasterketan parte hartzera behartu; horregatik, parte hartzeagatik bakarrik, puntu gehigarri bat lortzen dute ebaluaziorako.
Zein onura dakartza horrelako egitasmo batek ikaslegoarentzat?
Epe luzeko erronka bat izanda, egunerokotasunean lan egitearen garrantzia azpimarratzen du. Plana jarraituta, gainera, onura fisikoez gain, emozionalak ere badakartza, hobekuntzak ikusten hasten baitira eta ikasle bakoitzaren autokontzeptu eta autoestimuan eragin nabariak dauzka; zer esanik ez lasterketa amaitzea lortzen badute. Halaber, onura sozialak ere oso garrantzitsutzat jotzen ditugu, klasean ez ezik, klasetik kanpo ere elkarrekin entrenatzeko geratzen baitira batzuk. Hori da bilatzen duguna, emozionalki positiboa den esperientzia baten bitartez, ohitura osasuntsuak eta egonkorrak sortzea jarduera fisikoa eta osasunari dagokionean.
Lasterketa herrikoi batean parte hartzeak onura fisikoak, sozialak eta emozionalak ere badakartza, ikasle bakoitzaren autokontzeptu eta autoestimuan eragin nabarmena duelako
Nolakoa izan da parte hartzaileen jarrera?
Hasieran beldurrez ekiten diote, askorentzat erronka handia delako eta askok ez baitute bere burua kapaz ikusten, baina entrenamenduen poderioz, datuak aurrean izanda, erronka gero eta gertuago ikusi dute.
Zenbat lagun aritu dira igandean?
38 ikasle eta heziketa fisikoko 2 irakasleok hartu dugu parte. Horretaz gain, lesioa jasaten ari diren 4 ikasle aritu dira bolondres lanak egiten.
Bete al dira aurreikuspenak?
Aurten kasu guztietan bete ditugu aurreikuspenak, denek bete edota gainditu baitituzte haiekin batera ezarritako erronkak. Etorri ziren 38 ikasleetatik 36ek amaitu zuten lasterketa, eta 2 horiek, nahiz eta lasterketa ez amaitu, haien erronkak bete zituzten.
Zein balorazio egiten duzue?
Oso balorazio positiboa egiten dugu. Emaitzak ikusita, pozik egoteko moduan gaude, baina ez horregatik bakarrik, benetako helburua lortutzat ematen dugulako: lasterketa herrikoi batean parte hartzea. Hemendik aurrera, polita litzateke baten batek gustu hartu eta bide honetatik jarraitzea, iaz gertatu zen moduan.
Azpimarratu nahi dugu gainera, dortsalarekin lasterketa beraren garapenean laguntzearekin batera, helburu solidarioa duen lasterketa izaki, hori ere betetzen dugula. Igandekoaren kasuan, ZAPOREAK elkarteari 2.000€ko diru laguntza emateko balio izan digu, haien lan eskerga horretan gure aletxoa ere jarriz.
Iruzkin berriak