Sonia Pérez eta Laura Izagirre DBHko ikasleak Legiland Idazketa Sortzailearen Lehiaketan saritu dituzte

Pozik eta ilusio handiz hartu zuten Sonia Pérez eta Laura Izagirrek, DBH 4. mailako gure ikasleek, Legiland Idazketa Sortzailearen Lehiaketan sarituak izatearen berri. Estatu mailako hainbat ikastetxeetatik 300 lan baino gehiago jaso dituen egitasmoak irakurzaletasuna sustatu eta irakurmen-ulermena hobetzea du helburu, eta gaurkoa, Liburuaren Nazioarteko Eguna, helburu horiek aldarrikatzeko abagune ezinhobea izan daiteke. Jakina da xede hori hezkuntzako erronka nagusietakoa bilakatu dela egun, batez ere ikasleak DBHra salto egiten duten une horretan, inondik ere tentuz hartzeko garaia, liburuetatik aldentzeko joera sumatzen hasia baita.

Hortaz, irakurmen eta idazketara hurbiltzeko EKINTZA Ikastolak abiatzen dituen hainbat egitasmoren artean, Iosu del Rio, ikastolako Gaztelania eta Literaturako irakasleak urtero animatzen ditu ikasleak Legiland lehiaketan parte hartzera. Baina, hori bai, ikasleek egin behar dute hautua, izan ere, Borgesek esaten zuen moduan, “irakurketak zoriontasunaren formetako bat izan behar du, eta ezin da inor zoriontsu izatera behartu”.

Sonia eta Laurak hautua egin zuten jada eta beraien kabuz erabaki zuten lehen aldiz lehiaketan parte hartzea, soilik parte hartzea eta ondo pasatzeko helburuarekin, baina bistakoa da obra irabazleen artean geratzeak eragin dien poza.

Biek ala biek sortzeko berezko grina badute ere, beren ibilbideak zertxobait ezberdinak dira. Soniak betidanik izan du gustuko sortzea, baina 2019ra arte ez zen idazten hasi, eta pandemia garaian arte hori serio hartu zuen bitartean, Laurak haurtzarotik landu du bere zaletasuna, eta bere jarduerarik gogokoenetako bat izan da, horrek dakartzan erronkak gorabehera.

 

El ascenso del héroe, fantasiazko eta eguneroko heroia

Aurtengo Legilandeko edizioak superbotereak gaia izan du erdigunean, eta ardatz horren inguruan eraiki dute bi ikasleek beren kontakizuna. Aurkeztu duten lanak El ascenso del héroe du izenburu. Oliver izeneko haur bati buruzkoa da, bere umezurtz-etxeko liburutegian aurkitu duen liburu baten orrialdeetan magikoki barneratzen dena. Bertan, istorio horren heroiaren identitatea hartuko du.

Sormen-prozesuari dagokionez, ikasleek onartzen dute ez dutela metodo espezifiko bat jarraitu, nahiz eta sortu nahi duten atmosferarekin bat datozen musikan eta irudietan inspirazioa aurkitu. “Irudiak bilatu ditugu istorioaren estetikaren irudi mentala pixka bat egiteko”, zehaztu dute. Kategoria Superbotereak zenez, fantasiazko heroi baten eta eguneroko heroi baten kontzeptuak nahastu nahi izan dituzte. Gero, poliki-poliki, “istorioa bideratzen eta eman nahi genuen mezua erabakitzen joan ginen, bien gustuak eta estiloa elkartuz”. Biak bat datoz oso ondo ulertu direla proiektua aurrera eramateko orduan.

Esperientzia aberatsa izanik, nola funtzionatzen duen eta zenbat disfrutatu duten ikusi ondoren, oso gustura animatuko lirateke antzeko ekimen gehiagotan parte hartzera. Sonia eta Laura dagoeneko jabetu dira irakurzaletasun eta idazketak eskaintzen dizkieten superbotereez, eta antza, Legiland-ekoek martxan jarri duten beste lehiaketa batera aurkeztu behar omen dira, oraingoan booktuber motako bideo bat prestatuz.

Bien bitartean, aurtengo edizioan saritutako kontakizunak editatzen ari dira eta irabazle guztiek paperean jasoko duten liburua prest izango da hemendik gutxira. Laster, gainera, Legilanden plataforman ere egongo da eskuragarri, formatu digitalean. Irakurtzeko irrikitan gaude!