Batxilergoa EKINTZA Ikastolan: gertuko jarraipena eta orientazioa lagun etorkizunari begiratzen dion etapa erabakior honetan

Ibilbide luze baten itxieraren sinonimo da Batxilergoa EKINTZA Ikastolako ikasle askorentzat. Askok 2tik 18ra urte bitartean hazi eta hezitu baitira gure artean, eta heldutasunaren bidaiari ekiteko prestatzen hasten dira. Etapa honen helburu nagusia ikasleei etorkizuneko ikasketa ibilbidea egiteko oinarria eskaintzea da, beraien interesak, gaitasunak eta trebetasunak era egokienean bideratuz.

Edukien alderdi kontzeptualen trataeraren pisu handiak ikasgelako dinamikak baldintzatzen baditu ere, garbi dugu ikastolan egindako ibilbide guztian zehar ikasitako prozedurazko zein jarrerazko jakintzak etengabe erabiltzen ditugula. Arrakastaren ezinbesteko osagaiak dira.

Bidaia honetan eta ikasleen buruaren ezagutzan sakontzen eta gaitasunak garatzen laguntzeko, tutoreak ezinbesteko gidari bilakatzen dira. Maila bakoitzean 3 tutore izaten ditugu ikasleen jarraipen estuagoa egin ahal izateko. Era honetan, tutore bakoitzak talde txiki bat gidatzen du eta  ikasle zein familiarekin harreman estua mantentzeko aukera izaten du.

Ikastolan, Batxilergoan egindako ibilbideari esker, ikasleak hurrengo ikasketak egiteko oinarri sendoa lortzen du hala Unibertsitatean nola Goi Mailako Zikloetan. Gure ikasleen gehiengoak unibertsitatea hautatzen duela kontuan hartuz, selektibitateko azterketak pisu handia hartzen du ziklo honetan. Hala, ikasgaiak  probaren baitan aurkitzen dira hein handi batean eta proba honek dituen aldaketen arabera, ikasgaien antolaketa eta metodologia aldatzen joaten da.

Edonola ere, ikasleen banakako beharrak aintzakotzat hartzen ditugu eta formazio-ibilbide ezberdinak eskaintzen ditugu.

 

Batxilergoko modalitateak

 

Zientziak eta Teknologia

Zientzietako Batxilergoak edo Teknologiako Batxilergoak aukera ematen dute zientzia eta teknologia arloetan oinarrizko konpetentziak eskuratzeko, eta, horrela, ikasleek amaitzen dutenean, ezagutza zientifiko-teknologikoaren adarrari dagozkion graduko unibertsitate-ikasketak hasteko funtsezko tresnak izango dituzte.

Lotutako gradu batzuk, adibidez, Medikuntza, Albaitaritza, Biologia, Ingenieritza ezberdinak edo Arkitektura izan daitezke.

Giza eta Gizarte Zientziak

Batxilergo mota hau kudeaketan, irakurketan, komunikazioan eta arrazoibide abstraktuan interesak eta trebetasunak erakusten dituzten ikasleei zuzenduta dago eta gizarte eta giza arloetan oinarrizko konpetentziak eskuratzea ahalbidetzen du. Ikasi daitezkeen graduetako batzuk hauek izan daitezke: Zuzenbidea, Kazetaritza, Enpresen Zuzendaritza edo Publizitatea.

Batxilergoko 2 modalitateez gain, hauen barruan, ibilbide kurrikular desberdinak sortu ditugu. Helburua zera da, Batxilergoaren ondoren ikasleek burutu nahi dituzten ikasketen arabera, Batxilergoa hartara egokitzea, eta horretarako ikasgai aproposenak ikasteko aukera izatea.

Ikastolan, beraz, ikasleei ikasketa ibilbide aukera itxiak eman ordez, Legeak jartzen dituen oinarrizko baldintzak kontuan izanda beti, ikasgai aukeraketa librea egin dezakete.

Orientazioaren garrantzia

Batxilergoak irauten duen 2 urte hauetan orientazioak berebiziko garrantzia dauka eta hori horrela, hainbat egitasmo antolatzen ditugu ikasleei lan merkatua eta ikasketa aukera anitzak aurkezteko.

Lanbide-orientazioa batik bat tutoreekin lantzen dute ikasleek DBH 4. mailan hasita. Tutoretza orduetan dinamika desberdinak planteatzen dira ikasleen gaitasunak, indarguneak, ahuleziak edota zaletasunak aztertzeko. Osagarri gisa, Batxilergoko arduradunak DBH 4. mailako ikasleei Batxilergoaren antolaketa azaltzen die eta 4. mailako gurasoei bileran azalpena egin ere.

Selektibitatearen nondik norakoak aztertu eta ikasleek ikasiko dituzten graduetan sartzeko behar duten ikasgai aukeraketa ere azaltzen da ahalik eta bide gehienak irekita mantentze aldera.

 

Nola egiten dugu?

Lehenengo mailan ikasle ohien hitzaldiak izaten ditugu. Gurean zeudenean unibertsitatean zein ikasketa egin nola erabaki zuten azaltzen diete eta bakoitzak bere graduko antolaketa azaltzen die. Gehienetan unibertsitatea bukatuta izaten dute guregana etortzen direnerako, hortaz graduaren antolaketaz eta masterraz jarduten dute bakoitza bere espezializaziotik. Eta gainera, bizitzarako praktikoak diren zenbait aholku ere ematen dizkiete. Esperientzia benetan positiboa gure ikasleentzat, bere burua identifikatuta ikusten dutelako.

Bestalde, Tabakaleran ospatzen den GELA unibertsitate azoka bisitatzen dugu ikasleekin Espainia mailan dagoen eskaintza zabala ezagutzeko. Eta Lanbide Heziketako eskaintza ere jasotzen dugu, IKASLANen eskutik. Usurbilgo Lanbide Eskolakoen ohiko bisitarekin.

Bigarren mailan, besteak beste, Euskal  Herriko unibertsitate garrantzitsuenek informazio saio orokorrak  egiten dituzte ikasleekin ikastolan, eta Kursaalen ospatzen den UNITOUR unibertsitate azokara bisita egiten dugu.

Horrez gain, irakasle ohiak eta gurasoak ere bertaratzen zaizkigu zenbait hitzaldi ematera, etorkizunean ikasketak hautatzen lagunduko dieten gomendioak emanez.

Azken batean, EKINTZA Ikastolan argi dugu jomuga: gure ikasleek 2 urtetik 18 urte bitartera egindako ibilbidean zehar garatu dituzten konpetentzia pertsonalak zein sozialak osatzea eta etorkizuneko bidea egiten lagunduko duen prestaketa akademiko sendoa eskaintzea. Etapa erabakior honetan, ardura, ahalegina eta autonomia pertsonala indartzen ditugu eraginkor jarduteko, eta erabakiak hartzeko lagungarriak diren baliabideen erabileran sakontzen dugu, norberak bere etorkizun profesionalerako erabaki egokienak har ditzan.