DBH 4ko ikasleek Inspira Bizitzak programan zientzia-teknologia, artea eta humanitateetako profesionalak ezagutu dituzte

EKINTZA Ikastolako DBH 4ko ikasleak Miramonen izan dira Inspira Bizitzak programan parte hartzen. Kutxa Fundazioak bultzatutako Inspira Bidaiak programaren barruko jarduera da Inspira Bizitzak eta DBH4 eta Batxilergo eta Lanbide Heziketako (erdi mailako graduak) ikasleei zuzendutako ekimena da, eta bere helburu nagusiak ondokoak dira: gazteei beraien zaletasun eta talentua identifikatzen laguntzea, talentu hauetatik aldaketa sozial eta ekologikora bideratutakoak kanalizatzea, eta bide batez, lan-munduaren atarian dauden gazteei ezaugarri hauek dituzten talentuen ibilbideak orientatzea, erraztea eta saritzea, beti ere arrakala sozioekonomikoa, generokoa eta teknologikoa kontutan hartuta.

Jarduera honekin, Bizitza Zientifikoak lemapean 11 edizioetan zehar antolatua, Eureka! Zientzia Museoak arlo zientifiko-teknologikoan bokazioak sustatzea zuen helburu. Kutxa Fundazioaren estrategia berrian, arlo hauen espektroa zabaldu egin nahi da, letra, arte eta humanitateei ere lekua emanez.

STEAMeko esparruen inguruko elkartrukerako tarte aberatsa

Inspira Bizitzak ikasleen eta hainbat profesionalen arteko elkartze puntu bat izatea du xede, STEAM-eko hainbat esparruetan, hau da, zientzia-teknologia, artea, edota humanitatetan lana egiten duten profesionalak.

Parte hartzaileei, ibilbide akademiko eta irteera profesional anitzak erakusten zaie. Entzute aktiborako eta hartu-eman zuzenerako espazioak sortzen dira, lan munduak eskaintzen dituen aukera, zailtasun eta kezken informazioaren elkartrukea bultzatuz. 

EKINTZA Ikastolako ikasleek zientzia-teknologia, artea, edota humanitateetan lana egiten duten profesionalen hitzak entzun ondoren, beraiekin hitz egiteko aukera izan dute. Etorkizunean hartu beharreko erabakien aurrean nola jokatu erakutsi diete eta oso interesgarria eta baliagarria izan zaie saioa.