EKINTZA Ikastolak Euskararen Egunaren baitan Antiguan izango diren ekitaldiekin bat egingo du

EKINTZA Ikastolan ere Euskararen Egunarekin bat egin eta hainbat ekitaldi izango ditugu aste honetan zehar. Gainera, Donostian eta zehazki gure auzoan, Antiguan, gure hizkuntzaren aldeko hainbat ekimen burutuko dira Donostiako Udalak eta hainbat eragilek bultzatuta eta gure ikastolako familiei ere parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diegu. 

Besteak beste, abenduaren 2an, larunbatean, haurrentzako eta gaztetxoentzako jolasak izango dira eta festa giroa izango da nagusi. Gainera, Jar dezagun teknologia euskaldunon alde egitasmoa burutuko da Eusko Jaurlaritzak hainbat eragilerekin batera martxan jarritako Gaitu kanpainaren baitan, teknologia berriei euskaraz erakusteko. Donostian herritarrak mugikorra eta nabitzailea euskaraz jartzera animatuko dituzte eta baita ahotsak grabatzera ere. 

HEMEN duzue egitarau osoa eta animatu ekitaldietan parte hartu eta euskararen aldeko gure alea jartzera. Egitarau osoa www.donostiaeuskaraz.eus web orrian ere ikusi daiteke.