Donostia hainbat energia iturriz hornitzeko proposamenak eztabaidatu dituzte DBH 3ko ikasleak Udaletxean

Zer gertatuko litzateke aldaketa klimatikoaren ondorioz Donostia energiaz hornitu eta berreraiki beharko bagenu? Abiapuntu horri helduta DBH 3ko gure ikasleak Energiaren gaian sakontzeko parada izan dute orain gutxi. Energia eta energia elektrikoa ekoizteko energia-iturri desberdinen lanketa egin dute, zer diren, nola funtzionatzen duten eta zer abantaila eta desabantaila dituzten aztertuz. Prozesuaren amaieran, jorratu zituzten energia-iturriak azaldu, eztabaidatu eta defendatzeko parada izan zuten, non eta Donostiako udaletxeko Pleno aretoan, Eneko Goia alkatearen aurrean.

Egitasmoaren atzean egon dira Fisika eta Kimikako irakasle Aitor Garmendia eta Joseba Murua, EHUko Irakaskuntza Masterreko ikaslea, ikastolan praktikaldia garatzen ari dena. Azken honek, masterrak eskaintzen dion aukeraz baliatuta, proiektua diseinatu eta txertatu zuen, Fisika eta Kimika irakasgaian.

 

Energia iturrien abantaila eta desabantailak

Proiektua abiatzeko etorkizuneko testuinguru batean kokatu ziren ikasleak, non aldaketa klimatikoaren ondorioz Donostia berreraiki eta energiaz hornitzeko beharra planteatu zen. 3 eta 4 ikaslez osaturiko 7 talde aritu ziren. Horretarako, talde bakoitzak iturri jakin bat aztertu zuen, zer den, nola funtzionatzen duen eta zer abantaila dituen ezagutuz. Horrez gain, beste taldeen iturrien desabantailak ere aztertu zituzten, iturri batera mugatzea sahiestu eta ikuspegi zabalago batetik lanketa egin ahal izateko.

Besteen artean, erregai fosilak, energia nuklearra, biomasa, energia hidraulikoa, energia eolikoa, eguzki-energia edota geotermiak landu zituzten.

Ikasleek informazioa hainbat iturrietatik jaso, ulertu zutela egiaztatu eta zalantzak argitu ostean, sintesia jasotzen zuen poster bana sortu zuten.

Hurrengo pausua, batzar bat antolatzea izan zen. Eta hori gutxi balitz, hasiera batean ikastolan bertan aurreikusita bazeukaten ere, azkenean Donostiako udaletxean egiteko aukera suertatu zen. Hala, batzar hori Eneko Goia Donostiako alkatea buru izan zuen osoko bilkura bilakatu zen, eta gure ikasleek eztabaida bere aurrean garatu zuten.

Hartu-eman dinamiko batean, talde bakoitzak bere energia-iturria aurkeztu eta defendatzeko beta izan zuen, beste taldeek desabantailak azaleratzen zituzten bitartean, iturri desberdinen alde on eta txarrak ezagutu eta aztertzeko aukera plazaratuz. Joseba Muruak adierazi bezala, “planteamendu honi esker, talde bakoitzak euren iturria soilik aztertzea ekidin eta beste iturri batzuk ere aztertzea lortu zen, baita bakoitzak berea defendatzeko argudioak garatzea ere”.

Horrekin batera, talde bakoitzak energia-iturri desberdinetan inbertitzeko aurrekontu bat zeukan eta bakoitzak berea aurkeztu zuen. Erabakia hartze aldera, hainbat datu eman zitzaizkien aurretik, hala nola hiriko kontsumo elektrikoa, aurrekontua edota energia-iturri bakoitzak eskatzen zuen inbertsioa.

 

Ondorioak

Udal batzarreko azken tartea ondorio batzuetara heltzeko gorde zuten. Eta zer ondorioztatu zuten? Kontsumoa jaitsi ezean energia berriztagarriak soilik erabiliz ezin dela hiriko kontsumo guztia asetzera iritsi. “Egunerokotasunean hartzen ditugun hainbat erabakiren bidez, guk sortu dugun arazo hau konpontzeko uste baino botere handiagoa dugula. Arazoaren parte garela, baina konponbidearen parte ere bai”, azpimarratu du Joseba Muruak.

Egitasmo honetan parte hartzea esperientzia aberasgarria izan da ikasleentzat, Maria Zubizarreta eta Urko Munduatek komentatzen duten moduan, “ezagutzak bizitza errealera aplikatzea ahalbidetzen digulako, eta gainera, Udaletxean aurkeztearen pizgarriarekin”.

Bada, energiaren arlo asko ikutu eta gero, ikasleei zerbait argi geratu bazaie, Urkok aipatu bezala, hauxe da: sortzen baino, energia aurrezten jakitea oso garrantzitsua dela. Hortxe erronka!