Egin klik eta ezagutu EKINTZA Ikastolaren begirada!

EKINTZA IKASTOLA haur guztientzat ingurune atsegin eta aberatsa da. Ikasleak bere premietara ongi egokitzen den esperientzia pedagogikoa eta elkarbizitza sare zabala aurkitzen du. Gure ikastolan ikasle bakoitza bere ikasketa prozesuaren protagonista da, eta, ikastolako lan talde osoa bidelagun duela, bere gaitasunen garapen maila onenera irits dadin lan egiten dugu. Horretarako , abiapuntua haur bakoitzaren ongizate emozionalaren zaintza dugu.

Errespetua oinarri, jakintza eta trebetasun anitzak

Begirunezko harremana oinarri, ingurune euskaldunean, haur bakoitzak askatasunez garatzen du bere nortasuna. Jakinmina, autonomia eta ezagutza esanguratsuak sustatzen duten ikaskuntza prozesuaren partaide aktiboa da ikaslea. Lehen Hezkuntzako etapan zehar ikasleek oinarrizko jakintza anitzak lantzen dituzte; besteak beste, komunikazio gaitasuna, ekimena, sormena… eguneroko jardunean lantzen ditugun trebeziak dira. Aldi berean, egitura kooperatiboa eta metodologia aktiboak gure lan esparru guztien ezinbesteko osagarriak dira.

Bestalde eta besteak beste, bizitzari lotutako gaiak, egoerak, arazoak edota galderak lantzeko, ikuspegi globala eta diziplinartekotasuna oinarri, PROIEKTUA funtsezko lan esparrua da. Espazio eta denbora esanguratsua hartzen du asteroko lan plangintzan. Ezagutza zein trebetasun anitzak lantzeko eta ikaslearen autonomia, sormena, ardura… lantzeko, egitura aproposena da.

Elebistasunetik eleaniztasunera

Ikastolan euskaraz bizi gara; hizkuntza barneratu eta trebatzeko espazioa da. Lehen Hezkuntzan zehar euskara-gaztelania elebitasunaren garapena lehenesten dugu. Eleaniztasunaren bidean, hirugarren hizkuntza den Ingelesa arlo esanguratsua da ikasmaila guztietan.

Halaber, jakina da, hezkuntza ikasgelaz haratago doala. EKINTZAn, Ikasgelaz kanpo, kirola, kultura eta musika munduan, bestelako zaletasun eta ahalmenak garatzeko aukera zabala du ikasleak: musika tresnak anitzak, saskibaloia, futbola, hockey-a, xakea, dantza, marrazketa, ipuin kontaketa … saioek, eguerdiko zein arratsaldeko aisialdia betetzen dituzte.

Elkarlan estuan familiekin

Gurasoekin elkarlanean aritzea ere oinarrizkoa gertatzen zaigu. Hurbiltasuna eta konfiantza zaintzen dugu eguneroko harremanean. Etengabeko komunikazioren bidez ikaslearen ongizatea eta garapena ziurtatzen ditugu.

Halaber, ukaezina da espazioaren eragina hezkuntzan. Horregatik, bereziki ahalegintzen gara Ikastolako instalazioen eta inguruaren zaintzan; seguruak, ikasleen premia desberdinetara egokituak eta atseginak gerta daitezen prestatzen ditugu espazioak.

Eskolako urteak oso garrantzitsuak dira haurraren garapenean. Familiarekin elkarlanean, haur bakoitzari konfiantza, segurtasuna eta ikasketa esperientzia anitzak eskaintzen dizkiegu, ikasle guztiek bere neurriko hezkuntza ibilbide arrakastatsua egin dezaten.

Eman klik eta ezagutu EKINTZA Ikastolaren begirada: