EKINTZA Ikastolako zuzendari Uxue Arrazolak hiru ikastetxetako bideratzaile gisa parte hartu du EduCaixaren Ikaskuntzarako Lidergo Proiektuan

Jakina da lidergo kontziente eta trebea duten eskolek ikastetxeko errendimendu akademikoa, giroa eta bizikidetza hobetzea lortzen dutela. Horretarako, irakasle- eta zuzendaritza-talde ahaldunduak, motibatuak eta prestatuak izatea ezinbesteko bihurtzen da, ikasleak beren prozesu pertsonaletan eta hezkuntza-prozesuetan artatzeko, laguntzeko eta ahalduntzeko.

Horren jakitun, eta gure ikastolaren etengabeko hobekuntza prozesuaren bideari jarraituz, EduCaixaren Ikaskuntzarako Lidergo Programan parte hartu du EKINTZA Ikastolak, hots, zuzendaritza-taldeen rola gaitzea, prestigioa ematea, indartzea eta eraldatzea helburu duen egitasmoan.

Programa estatu mailako aditu eta akademiko talde baten eskutik eta Londresko University Collegeko (UCL) Institute of Education (IOE) erakundearekin lankidetzan gauzatzen da, eta ikastetxeetan lidergo-kultura berri bat sustatzetik abiatzen da. Hau da, lidergoa zuzendaritzetatik haratago zabaltzean oinarritzen da, irakasle-taldea, ikasgela eta ikastetxea barne hartuta, ikasleen eta sistema osoaren ikaskuntzen kalitatea hobetzea sustatuz.

Nola garatzen da?

Urtean behingo prestakuntza baten bidez hedatzen da egitasmoa eta hiru lan-modalitate uztartzen ditu: aurrez aurreko prestakuntza, ikaskuntzako lurralde-taldeetan lan egitea eta aldaketaren aldeko lidergo-proiektuak diseinatzea.

Xede honekin bat eginik, EKINTZA Ikastola lehenengo edizioan parte hartzeko hautatuetako bat izan zen. Orduko hartan programak eskaintzen zien formakuntzan buru belarri aritu ziren Uxue Arrazola, EKINTZA Ikastolako zuzendaria, eta Mertxe Urkiola, orain gutxi arte ikastolako zuzendari pedagogiko izandakoa.

Formakuntzaz haratago, programan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak helburu bat zehaztu eta hau lortzeko ibilbidea egin behar du. “Guk lehen edizioan hartu genuen parte eta ondoren tailer batean lidergo partekatuari buruz hitz egiteko eskaera egin zidaten. Aurten, berriz, eta formazio prozesu baten ondoren, hiru ikastetxeren bideratzaile moduan aritu naiz lehen aldiz”, azaldu digu Uxue Arrazolak.

Hortaz, Ikaskuntza lurralde-taldeetan deritzon fasean, CEIP García Barbón (Vigo, Galizia), IES Ribera del Arga (Peralta, Nafarroa) eta IDEO (Madrid) ikastetxeen bideratzaile lanetan aritu da Uxue Arrazola.

Prozesuaren bilakaera

Egitasmoa abiatzeko, lehen saio bat gauzatu zuten uztailean Bartzelonan, non ikastetxe bakoitzak hezkuntza lidergoarekin bat datozen beraien erronka edo lan fokoak zehaztu zituzten. Ibilbide honetan aurrera egin ahala eta sakontzeko asmoz, ikastetxe batzuk bertatik-bertara ezagutzeko aukera izan zuten, Vigo eta Madrilgoak, kasu. Uxue Arrazolak adierazi bezala, topaketa hauetan “beraien ibilbidearen jarraipena egiten joan gara eta arazoak detektatu eta erreminta desberdinen bitartez irtenbideak bilatzen joan gara”.

Ibilbide honen azken fasea landu dute berriki ikastolan, proiektuari ekin ziotenean hautatutako helburua eta egindako ibilbidea azaldu, taldearen feedbacka jaso eta azken topaketarako aurkezpena prestatze aldera. Orain aste batzuk burutu zuten saioan, Vigo, Peralta eta Madrilgo ikastetxeetatik heldutako ordezkariek gure ikastola ezagutzeko parada izan zuten lehen-lehenik.

 

Parte-hartzaileen iritziak

“Instalazioak oso politak, argitsuak eta garbiak iruditu zaizkie, eta gure Ebaluazio Sistema eta engranajea nabarmendu zituzten. Oso aberatsa iruditu zaie eta haien eskoletan aztertzekotan gelditu dira. Horrez gain, eskola kudeaketa osoan engranajea oso ondo egina zegoela zirudiela aipatzen zuten”, zehaztu digu Uxue Arrazolak.

Ikastola gertutik ezagutu eta gero, haien proiektuen garapenean zentratzeko txanda iritsi zen. Bakoitzak berea aurkeztu eta taldeka hainbat dinamika ezberdinekin feedbacka jaso zuten. Hiru proiektu horien inguruko gogoetak egin ondoren prozesuaren balorazio bat aurkeztu zuten.

Uxue Arrazolaren hitzetan, “esperientzia oso interesgarria izan da. Ibilbidearen ebaluazioa benetan positiboa izan da partaide guztien aldetik. Nabarmenduko nukeena talde giro oso pizgarria da, oso ondo funtzionatu du, helburuak argi izan dituzte eta ibilbide benetan oparoa egin dute”.

Finean, errealitate desberdinetatik abiatzen badira ere, erronka antzekoak dituzte hiru ikastetxe horiek zein EKINTZA Ikastolak, beraz, talde lana oso aberatsa izan dela ondorioztatu daiteke, eskola desberdinak ezagutzea eta haiekin hezkuntza proiektuak hobetzeko egitasmoak partekatzeak ikastolaren etengabeko hobekuntzarako beste urrats baten adierazle baita.