Jai giroa eta omenaldiak nagusi EKINTZA Ikastolan Donostia Egunaren bezperan

Urtero legez, poz eta emozioz betetako eguna bizitzeko aukera izan genuen EKINTZA Ikastolan. Donostia Egunaren bezperan, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako gure ikasleek danborrak berotu zituzten, eta omenaldiei ere tarte egin genien, ikastolako ohiturari eutsiz.

Aurten, Bea Izquierdo Guraso Elkarteko presidenteak eta Elena Santos irakasleak jaso zuten aitortza, Uxue Arrazola ikastolako zuzendariak aipatu bezala, “azken urteotan ikastolaren alde egindako lan handiagatik”.

Ikastolaren ikurraren eskultura bana jaso zuten, eta Donostiako eta Marugameko banderak igotzea egokitu zitzaien.

Pozik eta emozioa agerian jaso zuten aitortza, eta esker ona adierazi ere.

Bere kargua uztera doan Bea Izquierdok zorte ona opa zion Guraso Elkarteari bere ibilbide berrian. Eta LH4ko tutore Elena Santosek hitz goxo eta esker onekoak bidali zizkien 25 urte hauetan bidelagun izan dituen ikasleei.

 

Marugame hiriari keinua

Egun handi honetan, Japoniako hiri horren oroitzapena beti dago gure artean, Paco Marín EKINTZA Ikastolako sortzaileak 1985.urtean harreman hura abiatu zuenetik. Orduko hartan, Marugameko gaztetxo batzuen bisita jaso zuen Ekintza Ikastolak, eta hura izan zen lotura eder honen hazia, Donostia eta Marugameren anaikidetza sustatu zuena ere, eta ikastolan gaurdaino bizirik iraun duena. Harreman sendo honek errespetuak eta adikidetasunak distantziak eta hizkuntzaren mugak gaindi ditzakela erakusten digu egunez egun, EKINTZA Ikastolan barneratuta dauzkagun balioak.

Donostia Egun zoragarri bat ospatzeko gogoz, nola ez, danbor hotsak entzungai izan genituen egunean zehar, biharamuneko festa handiaren atarikoa!