Natura, haurraren garapenean bidelagun EKINTZA Ikastolan

Naturan oinarritutako hezkuntzak esperientzia baliotsuak eskaintzen dizkio haurrari, izan ere, gure ingurune naturalean txikitatik ikasteak bere garapen integralari mesede handia egiten baitio. Gure ikasleak beraien esperientzietatik, beraien bizipenetatik eta beraien ikerketetatik ikasten dute naturaren ingurunean eta EKINTZA Ikastolak abagune paregabea ahalbidetzen die. Ikastola inguruko natur guneak, kalitatezko espazio eta baliabide hezitzaileak eskaintzen dizkigu. Lourdes Txikiko baso eta erreka, Zubimusuko parkea edota Ondarretako hondartza EKINTZA Ikastolako haurraren heziketarako eszenatoki bihurtzen dira askotan.

Heike Freirek dioen moduan, “gure planeta salbatu aurretik, gure planeta maitatu egin behar dugu”.  Horretarako, ezinbestekoa da haurrek txikitandik natura ezagutzea eta gozatzea, handitzean hura zaintzen eta babesten jakin dezaten. Dena ezagutzen ari diren etapetan, oso baliagarria zaie landare bat nola hazten den ulertzea, urtxintxa batek zergatik biltzen eta gordetzen dituen fruitu lehorrak edo zer den euria.

Oskarbi, sargori, euria ari, haizea ibili…guk “Natura ez dela  gurea, baizik eta gu garela naturaren parte” sinesten dugu. Horregatik hau zaintzea, errespetatzea, maitatzea eta naturarekin eta naturaz gozatzea dugu helburu.

Naturan heztearen onurak

Plisti-plasta, mela-mela edo mara-mara, esperientziak erakutsi digu, ingurunearekin harremantzeak eta aire librean egindako jolasak haurraren osasun eta ongizatea hobetzen laguntzen dutela. Autoestimua handitzen dute, kontzentrazio gaitasuna garatu, irudimena eta autonomia landu, baita gaitasun kognitiboak eta arrazonamendua ere.

Horrez gain, jakina da estres egoerak gutxitzen laguntzen duela eta haurrak gutxiago gaixotzen direla. Esaterako, naturaren defizitagatiko nahasmenduari ekiditen laguntzen du, depresioari, obesitateari eta antsietateari lotuta dagoena, besteak beste.

Halaber, haurtzaroan natura zer den ikasten duten haurrek pentsamendu kritikoagoa eta sortzaileagoa garatzen dute. Eta beren mugimen- eta adimen-trebetasunak nabarmen hobetzen eta aurreratzen dituzte, erantzunak lortzeko ikertu egin behar baitute.

Horregatik guztiagatik, naturak EKINTZA Ikastolaren egunerokotasunean leku nabarmena du, eguneko errutinetan, proiektuetan, irteeretan edota jolas orduetan.

Atzoko Naturaren Mundu Egunaren ospakizunarekin bat eginik, EKINTZA Ikastolan naturan heztearen aldeko apustua berretsi nahi dugu, natura berebizikoa baita haurraren heziketan.