COVID-19 VIRUSAREN ONDORIOZ SORTUTAKO EGOERARI ETXEAN AURRE EGITEKO GOMENDIO OROKORRAK

Gaur egungo haur eta gazteek ulertu behar dute azken astetan bizitzen ari garen egoera ez dela ohikoa eta beraien egunerokoa ez dela hau izango. Ez dago gure esku noiz bukatuko den, baina ziurtasuna eta lasaitasuna transmititu behar diegu. Gure esku dago nola eta zer esan nahi diegun, horretarako hona hemen prestatutako aholkuak.

 

  1. ETXEAN EGOTEAREN ETA KALERA EZIN ATERATZEAREN zergatia azaldu. Adinaren arabera azalpenak egokitu. Beti ere gurasoen azalpena kanpotik entzungo dutenarena baino hobea izango da. Entzute aktibo bat sortu eta beraiek dituzten galderei erantzun, erantzunik gabe ez utzi. Adibidez; haurrak oso txikiak badira horrelako formula bat erabili dezakegu “Medikuek eta ikertzaileek dioten bezala, oraingoz etxean gelditu behar gara. Noiz arte? Ez dakigu, baina bitartean gurekin etxean egongo zarete” Hau da, egoera ez ziurra baten aurrean gurasoen babesa beti presente egon behar du. Emozioak identifikatu eta kanporatzeko tarteak eman; beldurra, tristura, familiako batzuekiko ardura, ezinegona edo suminkortasuna.

Kanpoko informazioaren maiztasuna eta intentsitatea kontrolatu. Gehienbat nerabeak badira eta telefono propioa badute, WhatsApp-etik sartzen diren albisteak eta bestelakoak gehiegizkoak ez izaten saiatu. Gomendagarriena egunean behin edo bi aldiz gehienez informazioa bilatzea eta eguneratzea izaten da, etengabe birusaren eta gaixotasunaren informazio hori buruan eduki gabe.

  1. ETXEKO PERTSONA GUZTIEN ERRUTINAK SORTU ETA DENOK ESKURA IZAN. Egunero ordutegi egonkor bat mantendu. Hoberena, goizean esnatu bezain pronto eta gosaldu ondoren “mugitzeko” aukera izatea da hoberena. Burua oxigenatu eta gorputza gaueko pasibitatetik eguneko aktibotasunera eramatea da gomendagarriena. Ondoren txukundu, jantzi eta ikastolako lanekin hasi adinaren arabera. Online-klaseak, irakasleek bidalitako lan desberdinak …. Egunero planifikatu zein izango diren landuko diren ikasgaiak. Astean zehar ordutegi berdina mantentzea da zuzenena asteburuan malgutasunez jokatu ahal izateko.

Bazkari eta afal-orduak ohiko ordutegian egitea eta oheratzeko ordua mantentzea komenigarria da lo orduek aldaketarik ez jasateko.

 

Honako koadro hau txertatzen dizuegu adibide gisa;

 

Amaia Beñat
8,00tan esnatu/gosaldu
Mugimenduko jolasa/ Kirola
Ikastolako lanak
Bazkal-ordua
Atsedena (mahai jolasak, telebista, anai-arreben arteko jolasak…)
Ikastolako lanak
Dutxa
Afaria/mahaia prestatu
Oheratzeko garaia

 

  1. FAMILIAN EKINTZA ezberdinak ikasteko aukera aprobetxatu: sukaldatu, mahai jokoetan aritu, etxeko lanetan parte hartzea bakoitza bere neurrian, eskulanak (sormena bultzatzeko) ….

 

  1. FAMILIAKO SENIDE GUZTIEK bakarkako momentuak behar dituzte ere bai. Bazkaldu ondoren momenturik aproposena izan daiteke. Bakoitzak tarte horretan nahi duena egin ahal izateko nahi eta ahal duen espazioan.

 

  1. HARREMAN SOZIALAK ETA LOTURA FAMILIARRAK mantendu. Haur eta gazteek beraien aiton-amonak, osaba-izebak, lagunak eta abar jakitea nola eta non dauden beharrezkoa dute. Ez jakintasunak urduritasuna eta antsietatea sortu dezakeelako. Gaur egungo teknologiek aukera hori errazten dute; hangouts, skype, whatsApp bideo…etab.

 

  1. FAMILIAKO NORBAIT GAIXORIK EDO INGRESATUTA BADAGO egia esan behar zaie, baina erabili beharreko hizkuntza adinera egokitu. Marrazkiak egiteko gonbitea egin, kartak idazteko aukera eskaini edota telefonoz hitz egiteko aukera ere bai. Egoera larriak baldin badira, bai Maite Uzkudun, DBH eta Batxilerreko psikologoaren helbide elektronikoa eta Aintzane Inza HH eta LHko psikologoaren helbide elektronikoa gogorarazten dizuegu.

 

Maite: muzkudun@ekintza.org

Aintzane: ainza@ekintza.org

 

Besterik gabe, egoera honek eskaintzen dizkigun onurak aprobetxatu behar ditugu eta sortzen duen ezinegona eta urduritasuna kanporatzeko tarteak eta pertsona aproposak bilatu. Gure pentsamenduek gure eguneroko jarrera eta bizitzan egoteko modua baldintzatzen dute. Horregatik zaindu zuen osasun fisikoa eta pentsamenduen jatorria eta kalitatea.

 

Denok elkarrekin, agur bero bat

 

 

EKINTZA Ikastolako Psikologia Departamentua.