“Sexu-heziketako tailerretan gaztetxoen galdera batzuen erantzunak guztiz anatomiko fisiologikoak badira ere, atzean egon daitezkeen beldurrak eta emozioen kudeaketa ere lantzen ditugu”

DBH2 eta 4ko ikasleek Hezkuntza afektibo-sexuala ren inguruko tailerrak landu dituzte berriki ikastolan. Gidari izan dute Jon Imanol Etxabe Telleria usurbildarra. Psikologoa, Sexologoa eta Gorputz Psikoterapeuta, besteak beste ikastetxeetan lan egiten du 6 urtetatik 18 urtera arteko haur eta gazteei Psikologia eta Sexologia programak eskainiz. Gure ikasleekin saio mamitsuak landu ditu, gazteek sexualitatearen inguruan izan ditzaketen kezkaz, baina baita emozioen kudeaketaren garrantziaz ere.

 

Hezkuntza afektibo-sexuala edo sexu heziketa asko entzuten dugu, baina ba ote dakigu zertaz ari garen?

Historikoki gaiari “Educación Sexual y Reproductiva” deitzen zitzaion eta bere helburu nagusia bi gauza ekiditea zen: 1) Desiratu gabeko haurdunaldiak eta 2) Gaixotasunak. Hala, belaunaldietan zehar, antisorgailuetan eta profilaxian zentratu izan dira sexu-heziketa saio hauek. Nire kasuan, Sexuen Heziketaz hitz egitea gustatzen zait. Gizarte gehienek ulertzen dute bi modu daudela gizaki izateko (emakumezkoa edo gizonezkoa), ia 8 mila milioi pertsona gaude, eta denok desberdinak gara! Hori da pertsona bakoitzak bere modu bakarra duelako, unibertso osoan, bere sexua bizitzeko. Horrek, era berean, harremanak, emozioak, jarrerak eta erotika ere baldintzatzen ditu eta saio hauetan guzti hori nola bizitzen dugun ulertzen saiatzen gara.

 

Noiz da egokia haurrekin gaia lantzen hastea?

Idealena hasi behar ere ez izatea litzateke eta gaia jaiotzetik modu natural batean jorratzea. Zoritxarrez, guztiok ditugu gure jatorria, gure hezkuntza, gure sinesmenak, gure lotsak… Eta errealitatea izaten da familien gehiengoak ez duela hori egiteko modua aurkitzen. Ikastolan urtero lantzen dute, lehendabizi tutoreen eskutik eta gero kanpoko hezitzaileekin. Ikasgelan lantzen duten momentua aitzakia ona izan daiteke beraiengana gerturatu eta gaia normalizatzen joateko.

 

Pertsona bakoitzak modu bakarra dauka bere sexua bizitzeko. Horrek, era berean, harremanak, emozioak, jarrerak eta erotika ere baldintzatzen ditu.

 

Zergatik da garrantzitsua ikastolan hau jasotzea? Zein paper dauka ikastolak?

Sexu-Heziketa ikasketa kurrikuluan zeharkako konpetentzia bezala dago jasoa. Honek zer esan nahi du? Ba Natur Zientzietan ugalketa aparatua lantzearekin, Balio etikoak edo Bizikidetza/Hezkidetza bezalako arloetan errespetua eta baimena lantzearekin, eta Gizarte Zientzietan feminismoa lantzearekin emantzat jotzen dela. Errealitateak, ordea, beharrak beste batzuk direla garbi uzten du eta badira ikastetxe batzuk horren kontzientzia izan eta martxan jartzen direnak. Beste edozein gaietan espezialistak ekar daitezkeen bezalaxe, sexu-hezitzaileak ere kontratatu daitezke eta programa bat sortu arreta jarri nahi den gaietan zentratuz. Ikasleen beharrei ahalik eta modurik osoenean erantzuteko beste modu bat da.

 

Zer aurkitzen dute haur eta gazteek Ekintza Ikastolan lantzen dituzun tailerretan? Zer dinamika proposatzen dizkiezu gaztetxoei?

Nire lan egiteko modua azaltzea ezinbestekoa iruditzen zait, beraz guztiek jasotzen dute Sexologiaren oinarrizko kontuen inguruko zatitxo bat: zer den sexualitatea (erotikaz haratago), zer den gure gizartean maskulinitatea eta feminitatea… eta “hizkuntza” bera hitz egiten dugula ziurtatzean, tarte bat eskaintzen diet beraien galderak egiteko eta erantzuten joateko. Galdera batzuen erantzuna guztiz anatomiko/fisiologikoa da, baina beste askotan atzean egon daitezkeen beldurrak, intseguritateak, emozioen kudeaketa ere lantzen dira. Adin hauetan halakoa da duten galderen zenbatekoa ez duela asti handirik ematen gauza gehiagorako.

 

Zeintzuk dira egun planteatzen dituzten kezka nagusiak?

TikTok, Instagram edo YouTube bezalako sareetan eta pornografian etengabeko estimuluak jasotzen dituzte eta informazio horrek kimatze bat eta errealitate filtro bat aplikatzea behar du. Bertan ikusten duten edukia oso deigarria denez (deigarria izan behar du like-ak edo ikustaldiak lortzeko), agertzen dituzten zalantzak oso lotuta egoten dira galdera mota hauekin: “normala da…?”, “egia da…?”, “posible da…? Gehienetan jokabideren batetaz hitz eginez edota gorputzaren inguruko hausnarketaren bat eginez. Adin hauetan taldearen parte izatea eta arautik ez irtetea izaten dira sozialki bete beharreko arau ez-esanak, eta berdina gertatzen da harremanei eta erotikari dagozkien kontuetan.

 

Sareetan eta pornografian etengabeko estimuluak jasotzen dituzte eta informazio horrek kimatze bat eta errealitate filtro bat aplikatzea behar du.

 

Familiek nola lagun dezakete etxetik?

Gazte guztiak beraien helduaroa izango denaren “demo” bat bizitzen ari dira nerabezaroan, eta horrek esplorazio bat dakar berekin: jokabideena, jarrerena, esamoldeena, janzkerena. Beraien etorkizuna modelatzen ari dira egiten duten gauzatxo txiki bakoitzarekin. Jaso duten hezkuntza segurua izan bada, esploratzen uzten zaienean, gehienetan segurtasun tarte baten barruan egingo dute eta, gurasoen uste dutenaren kontra, ez dira neurrigabekerietan galduko. Zentzuzkoa denaren barruan muga bat aurkitzen badute jakinmina piztu besterik ez zaie egingo eta azkenean ezkutuan egitera behartuta egongo dira. Gurasoen erronkarik handiena beraien epai/iritzi eta aurreiritziak alde batera uztea da, eta seme-alabak diren bezalakoxeak onartzen saiatzea, beti ere, beraientzat segurua denaren barruan.


Zeintzuk uste duzu direla erronka nagusiak egungo gizartean haur eta gazteen hezkuntza afektibo-sexualari dagokionean?

Aurreko belaunaldietan informazio falta izugarria zegoen gaiaren inguruan, eta eskuragarri zegoena oso baldintzatua zegoen garaiko errealitateagatik. Gaur egungo erronka beste bat da: gain-informatuta daude, informazio mordoa dute, baina ez dute irizpiderik jakiteko ea informazio hori fidagarria den ala ez. Gaia naturaltasunez lantzen den momentuan, oinarrizko kontuak bakar-bakarrik agertzen dira, adibidez, harreman erotikoei dagokienean: elkarren ongizatea bilatzea, elkar babestu nahi izatea, elkar zaintzea… eta beldurretik landu diren gai asko zentzuzko bihurtzen dira beraientzat.