Sormena, arrazoibide logikoa eta pentsamendu konputazionala nagusi DBHko ikasleen Teknologia Azokaren proiektuetan

EKINTZA Ikastolan gero eta ohituagoak gaude STEM hezkuntza deritzonaren harira jardutea. Hau da, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika bateratzen dituen hezkuntza. Zeharkako eta diziplinazko oinarrizko gaitasunak garatzea du xede eta ikasleen ahalduntzea lantzen du, gure gizartearen erronkei arduraz aurre egin ahal izan diezaieten.

Bokazio zientifiko-teknologikoa pizteaz gain, STEM hezkuntza-estrategiak ikasleen gaitasunak hobetu eta beren ingurunean aktiboki parte har dezaten bultzatzen du. Halaxe ikusi ahal izan genuen urtero legez ikastolan ospatu genuen Teknologia Azokan. DBHko Ikasleek beraiek sortutako proiektuak aurkeztu zituzten. Ikaskide txikienetatik hasi eta ikastolako nagusienek ere askotariko sorkuntzak gertutik ezagutu ahal izan zituzten, ikasleen azalpenei esker.

Ikastolan mailaz maila txertatzen goazen ezagutzen arabera sailkatu zituzten lanak, eta hala, lehenengo mailako ikasleek Scratch blokekako programazio kodean garatutako bideo-jokoak eta jaietako urezko zezenak aurkeztu zituzten. Bigarren mailakoek, aldiz, egurrezko jolasak eta Goldberg makinak: akzio-erreakzio katea deritzonak erakutsi zituzten. Donostiako eraikuntza esanguratsuen maketak eskalan izan ziren protagonista DBH 3ko ikasleen artean. Kartoiarekin eraikita, eraikuntza planoen bidez eskalak mantenduta, Arduino eta Bitbloq-en bidez elektronikako sentsoreak txertatuta eta zirkuitu elektrikoen bidez argiak txertatuta zeramatzaten zenbait eraikin ezagun birsortu zituzten.

Laugarren mailakoen Robotikako proiektuekin gozatzeko aukera ere izan genuen. Lan horiek prestatzeko, besteen artean, Arduino plaka, Bitbloq programazioa kodea, AppInventor-en bidez programatutako mugikor aplikazioak edota 3D inpresoran ikasleek diseinatutako piezak erabili zituzten.

 

Arrazoibide logikoa eta sormenaren lanketa

Proiektu hauen lanketari esker ikasleek zenbait trebetasun bereganatu eta garatzeko aukera izan dute. Pentsamendu konputazionala, esaterako. Honi esker arazo konplexuak zati txiki eta erabilgarriagoetan deskonposatzeko gaitasuna landu ahal izan dute. Horrek arazoak konpontzeko trebetasunak garatzen laguntzen die ikasleei, funtsezkoak baitira hainbat arlo akademikotan eta eguneroko bizitzan.

Algoritmoak diseinatzeko eta problemak ebazteko programazioak eta pentsamendu konputazionalak logika aplikatzea eskatzen dute. Trebetasun horrek ikasleen arrazoibide logikoa hobetzen du, eta hori onuragarria da matematikan eta beste diziplina batzuetan.

Eta jakina, programazioa ez da kalkuluei eta kodeari buruz aritzen soilik; sormena ere lantzen du. Ikasleek, arazoen aurrean, beren ideiak modu berritzailean adieraz ditzakete algoritmoen diseinuaren eta programen sorkuntzaren bidez. Hortaz, pentsamendu konputazionala programatzen eta aplikatzen ikasteak autoeraginkortasuna eta ikasleen konfiantza areagotu ditzake.

 

Goldberg makina, kate-erreakzioa eraikitzen

Azoka honetan STEM hezkuntzaren adierazleetako bat izan da Goldberg Makina. Itxuraz, beste tresnak bezain ikusgarria ez bada ere, bere eraikuntzak erabateko ikasketa eskaintzen dio ikasleari. Rube  Goldbergen  makina etxeko objektuekin eraikitzen da, eta  ekintza  bat egiten duen artefaktua da. Batzuetan oso sinplea, baina beti oso  modu konplexuan. Normalean, mekanismo ezberdinekin sortutako kate-erreakzio oso  bat  eragiten  duen  mugimendu sinple batekin abiatzen da, eta froga-akatsa deritzona erabiltzen du bere prestakuntzan.

Hainbat baldintza bete behar ditu, hala nola, makina martxan jartzeko giza interakzio bakarra izatea, gutxienez sei transferentzia edukitzea,  ezin du motorrik edo antzeko gailurik erabili ez eta inolako mekanismo elektriko edo elektronikorik, eta ibilbide osoa egiteko 30 segundu iraun behar du gutxienez. Azken helburua, kasu honetan, zirkuituaren amaierean bandera altxatzea izan zen.

Fisikako hainbat kontzeptu lantzeaz gain, Goldberg makina eraikitzeko pentsamendu logikoa behar da, ingeniaritzan eta berrikuntzan oinarrituta, eta lehen aipatu bezala, garrantzitsua da gazteak berrikuntzaren, sormenaren eta metodo desberdinak probatzearen bidez gatazkak konpontzera bultzatzea, beraien helburuak betetzera egokitzen dena aurkitu arte.